Martxoaren 27an garraiolari bat hil zen Albaceten izandako ezbehar batean
Garraiolariak Arabako Oñatrans enpresarentzat egiten zuen lan. Lehen ikerketen arabera, garraiolariak karga Olaberriko ArcelorMittal enpresan jaso zuen eta Toledora eraman zuen, behargina hangoa baitzen. Egun batzuk beranduago, karga hori bera Albacete inguruan zeramala, langilea ondoezik sentitu zen kamioian eta horrek istripua eragin zion, bertan zendu zelarik.
Argi dago garraiolariek jasaten dituzten lan baldintzek eragin zuzena dutela euren osasunean: jardunaldi amaigabeak, errepidean jasaten den estresa, lan erritmo jasanezinak, etabar luze bat. Horiek guztiek langileak euren lan-baldintzen prekarizaziora kondenatzen dituzte, ezinbestean euren osasunean eragin negatiboa duelarik. Azken urteetan garraio sektoreak izan duen bilakaerak are gehiago eragin du muturreko baldintza hauek ematea.
Horregatik guztiagatik ELAk sektorearen berehalako esku-hartze publikoa eskatzen du, administrazioak gehiegikeria hauekin amaitzeko beharrezko neurriak hartzea exijitzen diogularik, langileen segurtasuna eta osasuna ardatz izan daitezken politika publikoetan. Neurriak hartu ezean administrazioa patronalaren ezinbesteko konplize bilakatzen da laneko heriotzetan eta hori oso larria da estatu demokratiko batean.