Aldi baterako kontratua duten langileen %80 finko egingo dituzte Beasaingo Indar enpresan

2016/10/27
Indar enpresako langileek eta zuzendaritzak lan hitzarmenaren inguruko akordioa lortu dute. Enpresa batzordeak eskatzen zituen gutxieneko baldintzak onartzeko prest agertu da enpresa, eta langileen batzordeak datozen egunetarako deitutako lanuzteak bertan behera uztea erabaki du. Hitzarmenak hiru urtetako indarraldia izango du (2016-2018).

Urtero %2tik gorako soldata igoera aplikatzea onartu du enpresak; hala, aurten %2,4ko igoera izango dute, 2017an %2,3koa eta 2018an %2koa. Horrez gain, 3, 4 eta 5 erreleboetara dauden langileen plusak igotzea ere adostu da. Bajei dagokionean, 35 egunetik gorakoetan, soldataren %100 ordainduko zaie langileei; 21. egunetik aurrera eta beste bajetan % 60 lehenengo hiru egunetan. Enplegu politikan ere aurre-pausoak eman dira, aldi baterako kontratua duten langileen %80 finko eginik. Kontratazio taula bat ere ezarri da, non esaten den salmenten arabera gutxienez zenbat langile kontratatu beharko dituen enpresak.

Puntu nagusi horiek adostuta, datorren astean gainontzeko gaien inguruan negoziatzen jarraituko dute.

Jakinda, lehendik lortutako 35 orduko lanaldiak edo lan erreformaren aurkako artikuluak bezalako baldintzak mantendu egiten direla, ELAtik oso positibotzat jotzen dugu akordioa.

Ezin dugu ahaztu, hitzarmen hau sinatzeko, beharrezkoa izan direla mobilizazioak antolatzea. Langileen batzarrak, mobilizazioei emaniko BAI borobila izan da akordioa sinatu ahal izateko gakoa. Beraz, ELA sindikatutik, bai langileen ordezkariak eta bai Indarreko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, argi utzi dutelako zein den akordioetara iristeko bidea.