CAF-ek alde batera utzi behar du Jerusalemgo proiektua
ELAk lehenago ere salatu zuen Jerusalemgo tren arinak ez zuela nazioarteko legedia betetzen. Israelgo gobernuaren jarrerak erakusten du proiektua palestinarrei ezarritako apartheid erregimena finkatzeko baliagarri dela.
2018. urtetik hona CAFeko langile-batzordeak Jerusalemgo trenaren proiektua salatu izan du, zuzenean israeldarren kolonizazio estrategia finkatzen baitu, palestinar herriaren oinarrizko eskubideak urratuz.
Ondoren, Francesca Albanese Palestinako lurralde okupatuetako Nazio Batuetako errelatorearen txostenean Israelen okupazio kolonialari esker aberasten ari ziren enpresak aipatzen ziren; besteak beste, CAF, Jesusalemgo linea berdearen proiektuan parte hartzen duelako. Txostenak, hain zuzen, esaten zuen honelako azpiegituren xedea dela "koloniak finkatu eta hedatzea, eta Israelekin lotzea”; 2025eko irailean CAF sartu zuten kolonia israeldar ilegaletako jarduerekin lotura duten enpresen Nazio Batuen datu-basean.
CAFeko langileen hainbat aldiz galdegin diote zuzendaritzari ez zezala lehiaketan parte hartu, eta gero Jerusalemgo kontratua eten zezala. Haatik, zuzendaritzak muzin egin die eskari horiei; aste honetan, aldiz, joan den otsailean gizarte zibileko hainbat erakundek fiskaltzan jarritako salaketaren berri izan dugu. CAFeko Administrazio Kontseiluaren eta sei filialen ardura iker dadila nahi dute aipatutako tranbiaren “eraikuntza, operazio eta mantentze-lanetan" enpresak duen inplikazioa.
ELAren ustez, deitoragarria da Euskal Herriko enpresa bat, hau da, palestinar herriarekiko izugarrizko elkartasuna adierazten duen herri batekoa, estatu sionistarekin lotzea. Salaketa honek mahai gainean auzi oso larriak jarri ditu, eta horiek sakon aztertu behar dira.
ELAk, ostera ere tranbiaren proiektua arbuiatzearekin batera, alde batera uztea galdegiten du. Ez CAFeko langileek, ez oro har giza-eskubideak aintzat hartzen dituen proiektu industrial baten alde diharduen jendeak, ez dute merezi CAF genozidio bat egiten ari den estatu batekin harremana izaterik. Zuzendaritzak Israelentzat lan egiteko erabakia sekulako hanka sartzea izan zela onartu behar du, eta bere gain hartu horren ondorioak.