Nafarroako Gobernuak Madrilen adostutakoa aplikatuko du, langileak prekarizatuz
Enpleguaren arloan, Nafarroako Gobernuak onartzen du erreposizio-tasei eustea; hau da, enpleguaren inguruko erabakiak Madrilen esku jarraitzea. Espainiako estatuak du azken hitza enplegu publikoko kontratazioari dagokionez, esparru horretako behin-behinekotasun tasa % 40tik gorakoa den testuinguru batean.
Ogasunaren produktibitate-osagarria ere jorratu da, eta ELAk plantillak produktibitate-osagarriaren hedapenaren alde egindako mobilizazioetan emandako erantzuna nabarmendu nahi izan du. Osagarriaren legezko aitorpena haien borroka nekaezinaren ondorio izan da. Azken unera arte, sindikatuak borroka egin du Gerentziak proposatutako testuaren edukiak hobetzeko, baina bereziki arazotsua izan den puntu bat mantendu egin da: baja medikoengatik edo lizentzia eta baimen jakin batzuk hartzeagatik ezarritako zigorra. Arauaren erredakzioaren arabera, gaixotasun larriak dituzten pertsonek ez dute osagarria jasoko.
ELAk mobilizazioak, ekimenak eta grebak bultzatzen jarraituko du, Nafarroan negoziatu daitezen hemengo langileen lan-baldintzak, soldaten galeraren berreskuratzea eta enpleguaren kontsolidazioa, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Ildo horretan, ELAk martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin die langile guztiei.