Fiskalitatea ideologia da
Nahiz eta udak oroitzapen asko ezabatzen dituen, nekez ahaztuko dugu EAJk Bizkairako aldaketa fiskalen inguruan Madrilen egin zuen aurkezpena; Elixabete Etxanobe Diputatu nagusiak ondoan izan zituen Iberdrola, Petronor, BBVA eta Telefónicako buruak, baita Garamendi CEOEko presidente bera ere; hark esan zuen proposamena jarraitu beharreko eredua zela.
Joan den astean, EAJren eta PSEren arteko akordioa ezagutzera eman eta gero, ekitaldi bat egin zen; han ziren enpresarioek eta adituek (orokorrean korrontearen alde egiten duten gizonek) gure gizartearen arazo ekonomiko nagusiak aztertu zituzten: gatazka giroak dakarren atzerriko inbertsio urria, absentismo maila altuak eragiten duen lehiakortasun apala, talentua erakarri beharra... El Correok eta KPMG aholkularitza enpresak antolatu zuten ekitaldian Tamara Yagüek esan zuen neurri fiskalak “bide onetik” doazela.
Egunkari berari emandako elkarrizketa batean, berriz, Aitor Estebanek ziurtatu zuen EAJren Madrilgo aurkezpen hura ez zela hankasartze bat izan, eta fiskalitatean ideologiatik harago joan beharra dagoela; neurri fiskalei denbora eman behar omen zaie, egokiak ote diren erabakitzeko. Baieztapen hauek EAEn dugun fiskalitateaz zenbait gogoeta egiteko modua eman digute.
Bada, Bizkaiko EAJren Madrilgo ekitaldia benetako hankasartzea izan zen; agerian geratu zen patronala dela, “aditu” batzuen konplizitatearekin, gure herrian zerga-politika baldintzatzen duena. Irailean PSEk eta EAJk itxi duten akordioak jeltzaleen hasierako proposamena arindu egin du. Haatik, osasun aseguru pribatuei onura fiskalak emateko asmoa oraindik ere mahai gainean dago, eta kontrakoa esanagatik ere, hori ideologia hutsa da.
Ideologia da ere enpresei (eta enpresarioei) hainbat bidetatik zergak jaisten jarraitzea: Enpresen salmentek sortutako plusbalioengatiko ordainak, lanbide heziketa dualeko edo prestakuntza iraunkorreko jendea kontratatzeko kenkariak, edota Jaurlaritzak estrategikotzat izendatutako proiektuetarako pizgarriak. Adibide batzuk baino ez dira, enpresentzat dauden onura fiskalen zerrenda luzeari gehitzen zaizkionak.
Ideologikoa da, halaber, talentua erakartzeko kontu hori, hots, kualifikazio handiko pertsona inpatriatuei lan beragatik zerga gutxiago ordainaraztea. Diskriminazioa dakarren sistema bat ezartzeaz gainera, helburua da enpresek beste langileen bizkar soldata txikiagoak ordaintzea. Enpresek talentua behar badute, merezi duen soldata ordain dezatela; langile hauentzako pizgarria ezin da izan zerga gutxiago ordaintzea.
Azken hausnarketa bat Estebanen adierazpenei buruz; zehazki, neurri fiskalen egokitasunaz. Batetik, proposamen hau aurkeztu dute izan dezakeen inpaktu ekonomikoaz inolako txostenik egin gabe. Murrizketa, kenkari edo hobariak aplikatu nahi direnez, emaitza bakarra diru-bilketa potentziala txikiagoa izatea izan daiteke, eta horrek zerbitzu publikoen gainbehera eragingo luke.
Edonola ere, argi geratu da neurri fiskalak, batik bat sozietateen zergaren ingurukoak, ondorengo ebaluaziorik gabe ezartzen direla, erabaki ziren unean azaldutako xedea bete ote den aztertu gabe, eta haien ondorioz, ingeniaritza fiskalaren bidez, enpresek zerga gutxiago ordaintzen dituztela. Hau ere ideologia da.
Halako neurriak EAEko hiru lurraldeetan aurrera aterako balira justizia fiskalarentzat oso albiste txarra litzateke. Baina baita Osakidetzarentzat, hezkuntza publikoarentzat eta zaintza-sektorearentzat ere, bai eta etxebizitzaren krisiari aurre egiteko ere. Beraz, inoiz baino areago behar dugu enpresen eta errenta altuen onura fiskalak bertan behera utziko dituen zerga-erreforma bat. Hau ere ideologia delako.