Haurreskolak Partzuergoa

Mahai Negoziatzailea

2026/06/15
Mahai Negoziatzailea
Ekainaren 12an izandako bileraren informazioa

Ekainaren 12an Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailearen bilera burutu zen. Azken hilabeteetan sindikatuen ordezkaritzarekin ez da negoziazio-gunerik edo bilerarik izan. Egoera hori zuzendaritzari helarazi diogu, plantilla osoari eragiten dioten prozesuak arintzeko.

Bileran hainbat gai jorratu ziren, besteak beste, lekualdatze-lehiaketa, egonkortze-prozesutik eratorritako 77 lanpostuen esleipena, etorkizuneko esleipenen egutegia eta udal haur-eskolen integrazioa.

77 lanpostuen esleipenari dagokionez aurkeztutako egutegiaren inguruan, gure sindikatuak eskatu du behin betiko esleipenaren eta kontratuak formalizatzeko aurreikusitako dataren arteko epeak murriztea, hala ere OPE deialdian jasotako epeek ez dute horretarako aukerarik ematen eta beharrezkoa da prozesua bermatzailea izatea.

Aurkeztutako egutegiaren arabera, lekualdatze-lehiaketa ekaina eta uztaila bitartean garatuko da, eta behin betiko zerrendak zein azken esleipena uztailaren lehen hamabostaldian argitaratuko dira.

Ondoren, uztailaren erdialdetik amaierara arte egingo da egonkortze-prozesutik eratorritako 77 lanpostuen esleipena, eta behin betiko ebazpena uztailaren amaierarako aurreikusten da. Indarrean dauden kontratuei uko egiteko epea, berriz, abuztuaren 11-12an izango da. Azkenik, 2026ko ohiko esleipen-prozesua abuztuaren amaieran garatuko da, eta Hezisare bitartez egiten saiatuko dira.

Beste aldetik, datorren kurtsora begira Haurreskolak Partzuergon integratuko diren haurreskolen baldintzen berri jaso dugu. Gaubea, Ordizi, Aretxabaleta, Oiartzun eta Usurbil dira momentuz integratuko direnak.

Egutegia eta ordutegi araudiaren aldaketaren inguruan sindikatuekin adostu gabeko aldaketak aplikatu dituzte guraso eta udalen eskaerak argudiatuz.

Sindikatu gisa, plantillaren aldarrikapenak defendatzen jarraituko dugu eta martxan dauden prozesu guztien jarraipen zorrotza egingo dugu, langileei eragin diezaiekeen edozein berritasunen berri emanez.