NAFARROAKO MAHAI OROKORRA

Langileen baldintzak hobetzeari uko egiten dion Estatutuaren aurkako bozka berretsi du ELAk

2026/05/26
Langileen baldintzak hobetzeari uko egiten dion Estatutuaren aurkako bozka berretsi du ELAk
CCOO, Afapna eta UGT sindikatuek babestutako testuak ez ditu jasotzen langile publikoen eskaera historikoak. ELAk ostegunean, maiatzaren 28an, 11:00etatik 15:00etara deitutako lanuztearekin bat egiteko deia egin die langile publikoei.

ELAk Nafarroako Gobernuaren eta CCOO, Afapna eta UGT sindikatuen artean adostutako akordioa gaitzetsi du, ez baititu Funtzio publikoko Estatutu berriak beharko lituzkeen oinarrizko edukiak jasotzen, hala nola:

  • Behin-behinekotasuna murrizteko mekanismo eraginkorrak.

  • Galdutako erosahalmenaren berreskuratzea.

  • KPIaren araberako ordainsari-igoera.

  • Asteko 32 orduko lanaldia ezartzea.

  • Errelebo-kontratuaren figura ezartzea.

  • Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea. Zirriborroan ez da aurreikusten euskararen normalizazioaren inguruko neurri bat bera ere.

  • Pribatizazioa eta externalizazioa saihesteko neurriak.

  • Telelanaren ezarpena.

  • Maila eta azpimaila bakoitzeko lanpostuen sailkapena, maila akademikoaz gain, betebeharreko eginkizunen, erantzukizunen eta sarbide-proben ezaugarriak kontuan hartuko dituena.

     

Funtzio Publikoak iragarritako neurri nagusia karrera profesionala ezartzea izan da. Hala ere, 2032ra arte ez da zenbateko osoa ordainduko. Gainera, bere progresioa balorazio-irizpideen mende dago, hala nola `jardunaren ebaluazioaren emaitza´, eta, beraz, tarteen igoera ez da bermatzen gaur egun ezezagunak diren parametroak dituen ebaluaziorik gabe.

Sindikatuaren ustez, Funtzio Publikoko Kontseilari berriak domina bat jarri nahi izan dio bere buruari gaurko akordioarekin. Alabaina, proposatutako testua ez da mugarri bat langile publikoen baldintzen hobekuntzan, ez baitago lan baldintzei dagokionez aldaketa esanguratsurik. Gainera, Gobernuak ez du lortu Mahai Orokorreko gehiengo sindikalaren babesik, Kontseilariak kontrakoa erakutsi nahi izan duen arren.

ELAk aurkeztu dituen 120 alegazio baino gehiago aztertzeko eta kontuan hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Langile publikoek merezi duten Estatutuaren defentsan, sindikatuak dei egiten die langile publikoei maiatzaren 28an 11:00etatik 15:00etara deitutako lanuztearekin bat egin dezaten eta Jauregi aurrean 12:00etan deitutako kontzentraziora joan daitezen. Bestela, Gobernuak, CCOOk, Afapnak eta UGTk adostutako testua aurrera ateratzen bada, zerbitzu publikoen kalitatea eta langile publikoen lan-baldintzak hobetzeko aukera bat galtzea ekarriko luke.

Alegazio horiek kontuan hartu ezean, CCOO, Afapna eta UGTrekin itxitako akordioa langileen lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko galdutako aukera bat izango litzatekeela dio ELAk.