Eusko Jaurlaritzak ez du benetako bermeak izango dituen kontsolidazio prozesua negoziatu nahi

2022/02/21
Eusko Jaurlaritzak ez du benetako bermeak izango dituen kontsolidazio prozesua negoziatu nahi
ELAk Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-fata salatu du, Administrazio Autonomoan berme guztiak izango dituen prozesu bat negoziatu ahal izateko eskatutako datuak argitaratu gabe jarraitzen baitu. Hala baieztatu du Gasteizen, Administrazio Autonomoko Mahai Sektoriala bilduta zegoen bitartean egindako kontzentrazioan. Izan ere, Madrilen onartutako behin behineko enplegu publikoa murrizteko premiazko neurrien legeak (Iceta Legea izenaz ere ezaguna) Eusko Jaurlaritza behartzen du egonkortze-prozesuetan baldintza batzuk betetzen dituzten plaza guztiak eskaintzera, hori guztia 2022ko ekainaren 1a baino lehen. Ondoren, 2022ko abenduaren 31 baino lehen, egingo diren salbuespenezko prozesu horien oinarriak negoziatu behar ditu, Legeak adierazten duen bezala, behin. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez dio gardentasunez heltzen negoziazio horri, eta ez du zehaztu zenbat plaza eskainiko diren salbuespenezko prozesu horietan eta zenbat plaza prozesu bermatzaileenetan. “Gardentasunari muzin egitea eta sindikatuekin negoziatu gabe egitea da bere helburua eta horrek behin-behinekotasuna jasaten duten hainbeste langileren kontsolidazioa arriskuan jartzen du”, kexu da sindikatua.

Azpimarratu duenez, prozesu hori salbuespenezkoa denez, oso garrantzitsua da aldi baterako plantilla finkatzeko baldintzak betetzen dituzten plaza guztiak eskaintzea. Hala ere, Eusko Jaurlaritza sistematikoki ari da informazio hori ukatzen. Eta bitartean, pixkanaka, aurrera doa behin-behinekotasun-tasa jaistea helburu duen proposamen batekin, baina langileen kontsolidazioa alde batera utzita, eta mahai sektorialetan benetako negoziazio-bisorik izan gabe.

Duela hiru Mahai Sektorial, Administrazio Autonomoko Mahai Sektorialean zeuden sindikatu guztiek ohartarazi zuten eskatutako informazioa ematen ez bazitzaien, ez zutela gainerako edukietan aurrera egingo. Hiru aldebiko bilera egin ondoren, hiru Mahai Sektorial geroago, informaziorik gabe jarraitzen dute.

ELAk adierazi du prest dgoela kontsolidazio-bermeak izango dituen prozesu bat adosteko, baina, horretarako, ezinbestekoa dela Jaurlaritzak gardentasunez argitaratzea beharrezko datu guztiak. Bitartean, mobilizazioak bultzatzen jarraituko dutela iragarri du.