Euskaltzaindiako langileek lanuztea egingo dute bihar

2016/10/27
Euskaltzaindiako langileek lanuztea egingo dute bihar
Azken urteotan eman den lanpostuen suntsiketari aurre egiteko eta langile guztientzako izango den hitzarmen duin baten alde izango da biharko lanuztea.

2009an, 25 urtean zehar istilurik gabe eta ia-ia automatikoki bi urtean behin berritzen zen lan-hitzarmena sinatzeari uko egin zion Euskaltzaindiko Zuzendaritzak. Horren ondorioz, ordutik hona, Euskaltzaindiko langileak hitzarmenik gabe daude.

ELAk salatu du denbora honetan erakundeak, orain arteko hitzarmena aplikatzeari uko egin dio eta Mariano Rajoyk emandako legeak baliatuz beste hitzarmen kaxkarrago batzuk aplikatu nahi izan dituela. Auzitegi nazionaleko (Madrilen) epaitegietan dago helegitea.

"Negoziazio mahaia zabalik izan dugun arren eta langileok proposamen ezberdinak egin ditugun arren, Euskaltzaindiaren aldetik langileei emandako erantzuna eskasa izan da, hutsaren hurrengoa. Arean gehiago: 2016 urte honetan, gutxienez 6 lanpostu deuseztatu dira. Lanpostu horiek bete nahi ditugu" azpimarratu du sindikatuak.

Horrezaz gain, lan baldintza duinak denontzako exijitzen dituzte, erakundearen asmoa argia baita: lan harremanak indibidualizatzea Euskaltzaindian, hitzarmen ezberdinak aplikatuz eta beraz soldata-taula bikoitzak sortuz, bata langile “beteranoentzat” eta beste bat langile “berrientzat”.

Datorren urriaren 28an, egun osoko lanuztea egingo dute Euskaltzaindiako langileok eta orain arte egin dituzten mobilizazioetan bezala, bi lelo nagusi izango dituen pankarta bat aterako dute kalera:

  • Lanpostuen defentsan

  • Euskaltzaindian hitzarmen duina denontzat

"Horiek dira behin eta berriro mahai gainean jartzen ditugun gaiak. Horiek dira behin eta berriro Euskaltzaindiak uko egiten dizkigunak.

Euskaltzaindiko langileek beti izan ditugu lehentasunak oso garbi, eta hemen berrestera gatoz hauek direla gaur egun ere gure helburu behinenak: langileen lan-postuak mantentzea, eskubide laboralak defendatzea, duintasuna langile guztiontzat" argitu dute.