San José zentroko langileek babesgabe jarraitzen dute agresibitate maila altuko erasoen aurrean

2019/09/30
Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ez ditu bete ELAk salaketa jarri ostean Lan Ikuskaritzak egindutako errekerimenduak.

ELAk San Jose zentroko langileen babes gabezia salatzen du. Zentro hori Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafar Agentziaren menpeko erakundea da, eta Nafar Agentziak ez ditu prebentzio-neurri eraginkorrik ezarri, langileen osasunean kalterik ez izateko.

2017ko martxoan lehen ez bezalako erabiltzaileak hasi ziren sartzen gure zentroan, eta harrezkero agresibitate handiko erasoak jasan behar izan dituzte langileek behin eta berriz. Hori dela-eta, langile askori baja eman diete, haietako batzuk oso kasu larriengatik.

Gertaera horiek gero eta sarriagotan errepikatzen dira, kalte materialak ere eraginez. Tamalgarria ere bada horrelako erasoak gainontzeko egoiliarren aitzinean egitea, eragin txarra izan ahal baitze. Gogoratu beharra dago zentro honen xedea adimen urriko helduei osoko arreta ematea dela, eta zantzu larriak izan ohi dituztenez tratamendu espezializatuak behar dituztela.

Aipaturiko egoera ELAk salatu zuen Lan Ikuskaritzan, eta ondoren errekerimendu bat baino gehiago igorri dizkiote zentroari, segurtasun eta osasunaren arloko neurri zuzentzaileak har ditzan. Azken errekerimendua 2019ko abuztuan igorri diote Lan Arriskuen Legearen zenbait ez-betetze dela-eta.

Arazo hori aztertzeko bilerak Zentroari eta Nafar Agentziari hainbat aldiz eskatu arren, gure sindikatuak ez du orain arte erantzunik jaso.