Bizkaiko erresidentzietako langileek grebari ekin diote berriro akordio “duin” baten alde

2017/02/01
Bizkaiko erresidentzietako langileek greba deialdi berria hasi dute gaur. Aurretik egindako 75 lanuzteei gehituko zaie gaurkoa. Guztira, 28 greba egun izango dira otsailean. Bilboko Arriaga plazatik Diputazioara abiatu den manifestazio batean berretsi dute ez dutela Diputazio eta patronalaren berririk.

Lanuzte berriekin murgildu dira Bizkaiko erresidentzietako langileak otsailean, zehazki 28 greba egun daude iragarrita. Gaur mobilizazioa egin dute Bilbon. ELArentzat oso larria da Bizkaiko Diputazioak enpresei dirua ematea praktikan ematen ez duten zerbitzu baten truke. Izan ere, greba bitartean ez dute zerbitzurik eskaintzen baina dirua jasotzen jarraitzen dute. Horri esker, gero eta etekin handiagoak dituzte. Gainera, patronalak berak onartzen du hau gertatzen ari dela. Aurreikuspenen arabera, 3 milioi baino gehiago dira.

ELAren ustez bereziki kezkagarria da Diputazioaren jarrera. Izan ere, jakin badaki Bizkaiko kalitate asistentziala kolokan dagoela (patronalaren txostenak hala erakutsita gainera). Horren berri izanda ere, ez du inongo pausorik eman zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresa horiek greban dauden langileekin akordia eskura dezaten. Hau da, ez dago prest enpresak presionatzeko.

ELAren aburuz, Ahaldun Nagusiak hainbeste aldiz aipatzen duen proposamenean ez zuen inongo zehaztasunik eskaintzen eta gainera, langileek eurek aho batez erabaki zuten proposamen horri bizkarra ematea, euren baldintzen duintasuna bermatuko ez lukeela ikusita.

ELAren aburuz halako adierazpen publikoek ez dute ezertan laguntzen, kontrakoa baizik: greban dauden langileak presionatzea da helburu bakarra. Euren asmoa argia da: langileak presionatzea Diputazioak mahai gainean jarritako proposamena onar dezaten. Ahaldun Nagusiarentzat onargarria izan daiteke proposamen hori baina onartezina da langileentzat. Izan ere, greban dauden langile askori ez die ezta 1.200 euroko soldata ziurtatzen.