OSAKIDETZA
ELA ospitaleetan mobilizatu da, lan hobekuntzak eskatzeko
ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, Osakidetzak bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata igoerarik jasotzen, eta plantillaren lan baldintzetan benetako aurrerapausoak ematea galdegin dute.
Ospitaleetan egindako elkarretaratzeen bidez, Osakidetzari benetako negoziazioa abiatzeko eskatu diote sindikatuek, plantillaren aldarrikapenei erantzungo diena, akordioa berritu gabe 17 urte igaro ondoren. Besteak beste, soldatak hobetzea, plantillak indartzea, lan kargak arintzea, enpleguaren egonkortasuna bermatzea eta Lehen Mailako Arreta indartzea eskatzen dute.
ELAk, SATSEk, LABek, CCOOk eta UGTk ohartarazi dute lan baldintzak hobetzeko borondate politikoa behar dela, eta langileei dei egin diete urriaren 30eko lehen greba egunarekin bat egiteko eta mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko.