Ingeleseko C1 hizkuntza eskakizuna Nafarroako oposizioetan diskriminatzailea izan daiteke
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2016ko ekainerako deitu nahi dituen oposizioetan C1 ingeleseko hizkuntza eskakizuna exijitzeko asmoa du maisu-maistren kidegorako. ELAk aurtengo martxoan kanpainia bat jarri zuen abian, interino zerrendetako hautagaien artean soilik %3k betetzen duelako aipatu baldintza. Beste neurriren artean, Arartekoarengan hamarka kexa zuzendu dira.
Arartekoak bere txostena egin du eta ELA zuzen dabilela berretsi du: hizkuntzaren araberako diskriminazioa sor daiteke Nafarroan zein Espainiar Estatuan ofiziala ez den hizkuntza menderatzea exijituko balitz.
Bi hilabeteko epea eman dio Hezkuntza Departamentuari bere gomendioa jarraituko ote duen jakinarazteko. Besteak beste hurrengoetan datza:
-
Ingeleseko hizkuntza eskakizuna ezartzeko, aurretik bere plantila organikoa aldatu beharko du Hezkuntza Departamentuak. Horretarako, Foru Dekretua onartu beharko du Gobernuak.
-
Banan bana zehaztu beharko du Gobernuak zein den lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizuna: zein hizkuntza eta zein maila, alegia. Horretarako ikerketa, txosten eta irizpen tekniko eta pedagogikoak ezinbestekoak izango dira.
-
Plantila sindikatuekin negoziatu beharko du Hezkuntzako Mahai Sektorialean.
-
Espainiako Konstituzioak bermatzen duen hiritar guztien arteko berdintasuna errespetatu beharko da funtzio publikorako sarbidean.
ELAk Nafarroako Gobernuari exijituko dio Hezkuntzako Mahai Sektorialean ingeleseko C1 hizkuntza eskakizuna ken dezan. PAIren inposaketarekin gertatu den bezala, oposiozetako deialdiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko du ELAk ere, interinoen eskubideen eta Hezkuntza Publikoaren kalitatearen defentsan.