CENER - Zangoza

Langile teknikoek lanuzteak egingo dituzte kontziliazioa hobetzeko

2026/01/12
Langile teknikoek lanuzteak egingo dituzte kontziliazioa hobetzeko
Lehen greba eguna urtarrilaren 8an izan zen, eta 13an, 15ean eta 21ean lanuzte gehiago egingo dituzte txanden etengabeko aldaketek eta moldaketek lana eta bizitza pertsonala uztartzea eragozten dutela salatzeko.

CENER enpresak (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala) ikerketa aplikatua garatzen du energia berriztagarrien arloan, eta laguntza teknologikoa eskaintzen die enpresa eta erakunde energetikoei bost esparrutan: eolikoa, eguzki energia termikoa eta fotoboltaikoa, biomasa, hirietako trantsizio energetikoa, eta sare integrazioa, energia biltegiratzea eta hidrogenoa. Zentro teknologiko aitortua da, prestigio eta jarduera handikoa bai estatuan bai beste herrialde batzuetan ere. Gaur egun, CENERrek gutxi gorabehera 230 langile ditu, eta horietatik 14 Sangüesako plantako langile teknikoak dira.

Enpresa batzordeak, kolektibo horren ordezkari gisa, 2025eko ekainean hainbat aldarrikapen jasotzen zituen dokumentua aurkeztu zuen, negoziazio prozesu bat abiatzeko helburuarekin. Gaur egun arte, enpresaren zuzendaritzak ez die eskari horiei erantzunik eman.

Aldarrikapenaren arrazoi nagusia lan egutegia antolatzeko beharra da. Izan ere, enpresak langileen disponibilitatea modu neurri gabean erabiltzen du, txanden etengabeko aldaketak eta moldaketak eginez, lana eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa ezinezko bihurtuz. Horrez gain, lan arriskuen prebentzioari lotutako beste puntu batzuk jasotzen dira, azpikontratazioa mugatzeko eskaera eta 55 urtetik gorako pertsonek gaueko txandarik ez egitekoa.

Orain arte egindako lehen ekintzak aldarrikapen dokumentua formalki aurkeztea eta enpresaren atarian kontzentrazioak egitea izan dira. Ekintza horietan, zuzenean kaltetutako pertsonez gain, beste zentro batzuetako langileek ere parte hartu dute, beren elkartasuna adieraziz.

Zuzendaritzaren erantzunik ezaren aurrean, langileek urtarrilean hainbat greba-egun deitzea erabaki dute. Lehen lanuztea urtarrilaren 8an izan zen, eta jarraipen zabala izan zuen. Hurrengoan urtarrilaren 13an, 15ean eta 21ean izango dira.