ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta HIRU sindikatuek Confebask demandatzeko lehen urratsa egin dute

ELA, LAB, Steilas, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea aldarrikatzen dute. Berretsi dute Gutxieneko soldata tresna garrantzitsua dela pobreziari aurre egiteko, prekaritatea mugatzeko, aberastasuna modu justuagoan banatzeko eta soldata arrakalei aurre egiteko.
Horretarako, bi bide jorratzen ari dira:
1. Lanbidearteko akordioa: Bertako eskumenen baitan proposatu da, baina Confebaskek eta CENek (eta Nafarroan CCOOk eta UGTk) uko egin diote.
2. Herri ekimen legegilea: Langileen Estatutua aldatzea eta autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izatea proposatu dute. 138.495 sinadura lortu dituzte helburu horrekin.
Sinadura horiek alderdi politikoak eta Legebiltzarra interpelatzen dituzte Herri Ekimen Legegileari (HEL) bide emateko. Aldi berean, patronalari ere zuzentzen zaizkio: herri baten borondatea adierazten dute, eta patronalak ezin du eskaera sozial masibo horren aurrean entzungor egin.
Confebaskek, ordea, uko egin dio elkarrizketari eta negoziazioari, gehiengo sindikal zabal batek eskatutakoa baztertuz. Horregatik, gaur, 138.495 sinadurek ematen dieten zilegitasuna baliatuz, Confebask negoziazio-mahaian eseri ez izana juridikoki salatzeko lehen urratsa egin dute. Hain zuzen, bere negoziatzeko betebeharra galdatuko duten gatazka kolektiboaren lehen pausua eman dute, kontziliazio eskabidea erregistratu berri dute. Langileen Estatutuaren azken aldaketen ondoren, EAEn sinatutako hitzarmen eta lanbidearteko akordioek lehentasuna dute eta horrek eragiten du patronalek negoziatzeko legezko betebeharra izatea. Confebaskek negoziaketa berriak irekitzeari sistematikoki uko egiten dio, Espainiako lan baldintza kaskarren araberako lan merkatua desiratzen duelako, salatu dute.
"Patronalak bere ardura hartu behar du, eta milaka langilek eskatzen duten bezala, gutxieneko soldata propioaren negoziazioei heldu behar die. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak pauso bat gehiago eman dezakeela uste dugu: gaur erregistratutako kontziliazio eskaeran bitartekari lanak egin ditzala eskatzen diogu, eta bere esku dagoen guztia egin dezala patronala eseri eta negoziazioei heltzeko", baieztatu dute sindikatuek.