euskara selektibitatean

ELAk positiboki baloratu du epaitegien erabakia, baina murgiltze-eredu orokortua inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsi du

2026/10/08
ELAk positiboki baloratu du epaitegien erabakia, baina murgiltze-eredu orokortua inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsi du
Gaur, urriaren 10ean, EAEko Auzitegi Nagusiak 2026ko Selektibitatean euskara ikasgai gisa kontuan ez hartzeko ezarritako kautelazko neurria bertan behera utzi du. ELAk positiboki baloratzen du erabakia, bereziki euskararen aurkako oldarraldi judiziala nabarmena izaten ari den honetan. Hala ere, zuhurtziaz hartu du erabakia, behin betiko epaiak ildo beretik joko duen oraindik ikusteko baitago.

Izan ere, EAEko ikasleen euskalduntzeak dituen arazo estrukturalek bere horretan jarraitzen dute. ELAk argi du egungo hezkuntza-ereduen sistemak ez duela ikasleen euskalduntzea bermatzen, eta, horrenbestez, berresten du euskararen aldeko politikak indartu behar direla gure hezkuntza sisteman. Era berean, ezin da alde batera utzi PSE-EEk, Alderdi Popularrak, CCOOk eta UGTk eredu horien defentsan eta ikasleen euskalduntze-prozesuaren aurrean izan duten aurkako jarrera.

Horregatik guztiagatik, ELAk inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen du euskal curriculum burujabea ardatz izango duen murgiltze eredu orokortua defendatzea. Euskara maila apalena duenari euskara gehiago eman behar zaio; bestela, hizkuntza gaitasunean dauden desberdintasunak areagotzeko, euskararen erabilera ahultzeko eta euskaldunen zein euskararik jaso ez duten errenta baxuko ikasleen bazterketa betikotzeko arriskua dago.