Gipuzkoako Aldundiak iragarritako lan eskaintza propaganda hutsa da eta prekarietate gehiago sortzen du
Oso deigarria da, aldez aurretik Aldundiko sindikatuekin izandako bileran, honek, suhiltzaileen 17 plaza eta ogasuneko 15 teknikarien plazak izango zirela esan eta ondoren prentsan bestelako datuak azaltzea.
ELAk txosten bat argitaratu du EAEko udal eta foru aldundietako prekarietate egoera salatuz. 2011. urteaz geroztik, 3400 lanpostu suntsitu dira EAEn (Ogasun Ministerioaren datuak). Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez, egoera oso larria da eta behin-behinekotasun tasa %32,5koa da (580 langile).
Gipuzkoako Foru Aldundiak behin eta berriro enplegua egonkortu nahi duela dio baina bere planteamendua lan poltsak sortzea da. Erabaki honek, behin-behinekotasuna areagotzea eta prekarietatea handitzea besterik ez dakar. Behin-behinekotasun kopuru hauek pribatizazioen bezpera dira eta gizarteari eman beharreko zerbitzua administrazioak berak eskaini behar du, ez azpikontraten bitartez.
Gobernantza diputatuak gardentasunaz hitz egiten du behin eta berriro baina kontu hauetan ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. GFAk hautaketa prozesuetako bere araudi propioa ere ez du betetzen, ez dago negoziaziorik eta alde bateko erabakiak hartzen ditu.
ELAk, Gipuzkoako Foru Aldundiari enpleguaren aldeko benetako apustua egitea exijitzen dio. Hau da, enplegu duina bermatzea, lanpostu huts guztiak betetzea, behin-behinekotasunari mugak jartzea, urte bete baino gehiago lanean daramaten langileei kontratu mugagabea egitea eta enplegu publiko berria sortzea.