ELA, bermerik hoberena, baita auzitegietan ere
Adolfo Muñoz “Txiki”, ELAko idazkari nagusia, Amaia Aierbe eta Joseba Villarreal, zerbitzu juridikoen eta negoziazio kolektiboko arduradunekin batera azaldu da prentsaurrekora.
ELAren iritziz enpresek ezin dute inpunitate osoz nahiko luketen guztia egin eta kontrol judiziala saihestu. Aldeko epaiek mugatu egin dituzte, zalantzarik gabe, azken erreforma laboralaren eraginik gaiztoenak. Dena den, kontu handia izan behar da erabaki judizialekin.
Patronalak uste osoa du goi auzitegietan indargabetu egingo direla bere aldebakarreko boterea mugatzen duten epaiak. Halaber, euskal patronalak, ultraaktibitateari buruz Gorenak emandako epaia ezagututakoan, beste erreforma laboral bat eskatu du enpresek “segurtasuna” izan dezaten.
Bestalde, ezin dugu ahaztu mundu ekonomikoa eta enpresak etengabe ari direla presioa eragiten, batik bat EEEen eta hitzarmenen ultraaktibitateari buruzko erabakiak inork ez ditzan auzitan jarri, ezta botere judizialak ere. Beste erreforma laboral baten aldarrikapen ugari ari gara entzuten. Euskal patronalak berak, ELArekin izandako bileretan, esan du “epaileek prebarikatu” egiten dutela.
ELAk kontu deitoragarri bat ere salatu nahi du: Enpresek egindako “sorgin-ehiza” batzutan izan duten babes sindikala. Hau ere aipatutako epaietako batzuk frogatu dute.