Opor fiskalen salaketa artxibatu izanak adierazten du jokabide ilegalak gertatzen direnean sistemak defentsarik gabe uzten dituela herritarrak

2015/05/28
ELAk oso larritzat jotzen du opor fiskalen kasuan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunen jokabideak inolako ardurarik ez ekartzea berarekin, ez administratibo, ez politiko edo penalik. Hau ez da gizarte demokratiko bati dagokiona. Diru publikoz 30 milioi euroko isuna ordaintzea, epai bat bete ez izanaren ondorioz, ez litzateke sekula arduradunentzako zigorrik gabe geratu beharko.

EAEko Fiskaltzak artxibatu egin ditu ELAk opor fiskalen inguruan gertatu zena salatzeko hasitako ikerketa-eginbideak. Hau dela eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

a.- Fiskaltzak aitortzen dituen egintzei buruz:

  1. Fiskaltzaren Dekretuak aitortzen duenez, “ez dago zalantzarik Justizia Auzitegiaren epai bat ez zela bete, eta honek hogeita hamar milioi euroko isuna ekarri zuela, zeina dagoeneko ordaindu den”.

  2. Halaber, Fiskalak onartzen duenez, “hiru lurraldeetako ogasunen arduradunek ez zuten zuzen jokatu epaia oso-osorik bete zezatela eskatu zitzaienean (...), eta hau azkenean Ogasunak ordaindu du, hots, herritarren diruak”. Bestalde, fiskalaren Dekretuak dio Aldundiek “zuzenbidearen kontrako bitartekoak” erabili zituztela, “gero egiaztatu zen moduan”.

  3. Fiskalak dioenez, “interes publikoen gestioa hobeto edo okerrago egin daiteke, eta batzutan oso gaizki”. Agerikoa da azken hau dela, hots, oso gestio okerra, opor fiskalekin gertatutakoa.

 

b.- Artxibatzeko erabakiari eta honen ondorio politikoei buruz:

  1. ELAren ustez ez da sinesgarria opor fiskaletako dirua berreskuratzea zortzi urtez atzeratu izana -ezarritako isunaren zergatia- nahi gabe gertatu izana. Pertsona batzuk, gure ustez egiten ari zirenaren jakinaren gainean, epai hura ez betetzea erabaki zuten. Fiskaltzaren Dekretuak berak aipatzen duenez “auzitegi europarrak berak (...) derrigortu ditu (…) Foru Ogasunak bere epaia betetzera, azkenean ezarri zuen isunaren mehatxupean”. Alegia, frogatuta geratu da ogasunak laguntza gehienak itzultzeko eskatzen hasi zirela konturatu zirenean isuna ezarriko zitzaiela, eta honen zenbatekoa gehitu egingo zela enpresak dirua itzultzen berandutzen ziren egun bakoitzarekin. Ordurarte oso zaila zena halako batean erraz bihurtu zen.

  2. ELAk oso larritzat jotzen du opor fiskalen kasuan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunen jokabideak inolako ardurarik ez ekartzea berarekin, ez administratibo, ez politiko edo penalik. Hau ez da gizarte demokratiko bati dagokiona. Diru publikoz 30 milioi euroko isuna ordaintzea, epai bat bete ez izanaren ondorioz, ez litzateke sekula arduradunentzako zigorrik gabe geratu beharko.

  3. Salaketa artxibatu izana albiste txarra dugu, sisteman gabezia larria erakusten baitu. Euskal zerga-sistemaren funtzionamendua erabat opakua da, eta herritarrak defentsarik gabe uzten ditu gertakari oso larrien aurrean, baita zigorrik gabe ere jokabide guztiz arbuiagarriak.

  4. ELArentzat oso deigarria da ekinbide politikorik ez izatea zerga gaietan gardentasuna eta parte hartze soziala eskatzeko. Halakorik izan balitz, honelako gertakariak ez ziren gertatuko.

ELAko Batzorde Eragilea