Errenteriako TAO zerbitzuko langileen alde egin dute epai guztiek

2018/06/08
Errenteriako TAO zerbitzuko langileen alde egin dute epai guztiek
Hilabete batzuk pasa dira dagoeneko Errenteriako Udalak TAO zerbitzua publiko eta bertako langileok kaleratzeko erabakia hartu zuenetik. Prentsaurrekoan berri eman duten gisara, hilabeteotan hainbat epaiketa izan dira, eta beroietan Udala kaleratzeen arduradun dela ebatzi da. Hala, kalte-ordainak ordaintzera eta langile batzuk berronartzera behartuta dago Udala.

Honakoa da prentsaurrekoan irakurritako idatzia:

Dagoeneko jakina den bezala, kaleratzeak gauzatu aurretik, publifikazioaren berri izan zen momentutik, ahalegin ugari egin ditugu Udalaren asmoa aldatu eta publifikazioa beste modu batera eman zedin. Gogoratu nahi dugu, gure eskari bakarra lanpostuen defentsa izan dela hasieratik eta horren baitan borrokan dihardugula.

Baina jakina da baita ere Udalak, txosten juridiko bati helduz, uko egin ziela gure proposamenei eta ezinezkoa izan zela haiekin akordio batera heltzea. Ondorioz, kaleratzeak gauzatu ziren eta beste modu batera ezin zitekeen bezala, epaitegietara jo genuen langileon eskubideen defentsan.

Gaur, epaiketa ugari eta epealdi gogor baten ondoren, baditugu dagoeneko Donostiako Epaitegi desberdinek igorritako epaiak eta salbuespenik gabe, guztiek diote kaleratzeak bidegabeak izan zirela. Halaxe diote bai, bidegabeak direla eta udalak duela horren erantzukizuna.

Hasieratik aldarrikatu dugu Udalak gai honekiko duen ardura eta erantzukizun politikoa, baina orain are eta tinkotasun handiagoz esan dezakegu Udalak publifikazio prozesua beste modu batera egin zezakeela, eta gure lanpostuak mantendu zitezkeela.

Egoera honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu ondorio batzuk ateratzea. Eta ondorio horiek bitan bereiziko genituzke; batetik, epaien ondorioak, hau da, sententzietatik ateratzen diren ondorio eta kondenak. Eta bestetik, epai hauen aurrean Udalak hartzen duen posizionamendu edo jarrera.

Epaien ondorio nagusi bezala zera azpimarratu behar dugu:

  1. Udala dela kaleratzeen arduradun, eta beraz, berari dagokiola langileak berronartzea edo hala erabakiz gero kalte ordaina abonatzea.
  2. Zenbait langileren kasuan, kalte-ordain aukerarik ez dagoela eta beraz, Udala langileak berronartzera behartuta dagoela edozein kasutan.

Ondorioak horiek izanik, gaurkoan Udalak aukera hauen aurrean hartutako erabakiak salatu nahi ditugu. Izan ere, langile guztiok berronartzeko erabakia hartu beharrean, kalte ordainak abonatzeko aukerari heldu dio epaiek aukera hori uzten duten kasuetan. Hau da, lanpostuak bermatu beharrean, aukera hobea iruditu zaio funts publikotik ia 700.000 euroko kopuruak ordaintzea. Bestetik, epaiek kalte-ordain aukerarik uzten ez duten kasuetan, udalak zera erabaki du: berronartuko gaituela beste aukerarik ez duelako. Baina, aldi berean, guretzat lanposturik ez duela argudiatuz, zera erabaki du, soldata ordainduko digula inongo lanik burutu gabe. Lanera joan gabe soldata ordainduko digula, alegia. Edozein kasutan, beraz, erabaki politiko bat aurrera eramateko grina horretan, diru publikoa xahutzea aukera hobea iruditu zaio langileon eskubideak bermatzea baino.

Gauzak honela, gaurkoan zera esan nahi dugu:

Herritar bezala, onartezina iruditzen zaigula Udalaren bidegabekeria baten ondorioz guztiok gure poltsikoetatik ordaindu behar izatea. Langile moduan esan nahi dugu oso larria iruditzen zaigula Udalak gure lan egiteko eskubidea galaraztea. Gogoratu nahi dugu gure nahia lan egitea dela, geure lanpostuak berreskuratu eta lan baldintza duinetan aritzea, eta inolaz ere ez ezeren truke herritar guztiek ordaindutako dirusaria jasotzea.

Horregatik, egoera larri eta surrealista honen aurrean, beste behin ere, Udalari dei egiten diogu gurekin eser dadin eta egoera honi irtenbide duin bat eman diezaion. Ez dugu uste ez langileok ez eta herritarrok halakorik merezi dugunik.