ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 2012an kendutako aparteko paga ordain dezala, Espainiako Gobernuak berriro ukatu duelarik
Espainiako Gobernuak ez dauka murrizteko politika alboratzeko bat ere asmorik. Hau da berriro argi asko geratu dena, ikusita ukatu egin duela Madrilen EAJko Pedro Azpiazuk egin duen eskaria: 2012an arlo publikoko langileei kendu zieten aparteko pagari dagokion zenbatekoaren erdia aurten ordaintzea, eta gainerakoa, 2015ean.
Bestalde, ELAk gaurko Azpiazuren proposamena ez du ontzat ematen, izan ere, EAJk joko bikoitza egiten baitu: Rajoyren Gobernuak ezartzen dituen erabakien segidismoa da bertoko administrazioen jokabidea.
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio itzul diezaiela langileei 2012an dekretuz kendu zuen aparteko paga. ELA-Gizalanentzat ez da zilegi Madrilen horrelako proposamenak egitea eta, aitzitik, EAEn enplegua murriztu eta suntsitzeko politikak aldatzeko borondaterik ez agertzea.
Halaber, sindikatuak Gasteizko gobernuari galdegiten dio murrizte politika bazter dezala, ondorio kaltegarriak baino ez baititu izan: enplegu publikoa eta eskubide laboralak (aldi baterako ezintasun egoera, egun libreak, etab.) eta zerbitzu publikoen kalitatearen gainbehera.