Mercadona: Helburuengatiko saria, errepresaliarako arma
Epai judizialek esaten dutenez, Mercadonak helburuengatiko eta iraupenagatiko saria era irregularrean erabiltzen duela; zenbait egoeratan ez du ordaintzen, langileak zigortzeko, eta hau oinarrizko eskubideen urraketa bat da. Helburuei lotutako osagarri neutroa izan ordez, auzitegiek ebatzi dute zenbait kasutan errepresalia gisa kentzen dizkietela langileei, hauek euren eskubideak egikaritzean; beraz, enpresak oinarrizko eskubideak urratzen ditu, eta epaileek erabakia ezeztatzeaz gain kalte morala aitortzen diote beharginari.
Saria, kontrolatzeko tresna
Mercadonako enpresa-hitzarmenean arautzen den saria formalki hainbat parametrorekin lotzen da: “konpromisoa”, “ahalegina”, “berdintasuna”, “zerbitzua”, “diziplina” edota “jarrera”. Haatik, haren inguruko auzietan agerian geratu da irizpide hauek, oso lausoak izanik, enpresaren aldetik nahieran jokatzeko aukera ematen dutela.
Irabazitako epaiek erakusten dute koordinatzaileen diskrezionaltasuna ez dela neutroa. Aitzitik, antolakuntza-sistema jakin baten baitan kokatzen dira: langileak bere eskubideen alde egiten duen kasu orotan —kontziliazio eskariak, aldi baterako ezintasun prozesuak, aurretiazko erreklamazioak edo jarduera sindikala— "Mercadona eredua" delakotik aldentzen direla erabakitzen da. Horrenbestez, saria galtzea dakarren ebaluaketa negatiboa diziplina-mekanismo estalia izan ohi da.
Frogaren garrantzia: Errepresalia egiaztatu beharra
Ikuspegi juridiko hutsetik ebazpen hauetako elementurik nabarmenenetakoa da frogari buruzkoa. Ez da aski egiaztatzea saria ez dela ordaindu; ezinbestekoa da frogatzea lotura kausala dagoela eskubide bat egikaritzearen eta enpresaren erabakiaren artean.
Puntu honetan erabakigarria izan da zuzeneko frogak izatea, batez ere koordinatzaileekiko elkarrizketak. Grabazio horietan mehatxu kutsua duten mezu esplizitu zein inplizituak jaso dira —sarri itxura atsegineko esaldiekin, esaterako “zurekiko konfiantza berreskuratu nahi dut”, “talde bat gara”, “zuri laguntzeko nago hemen”—, ebaluaketa negatiboa eskubideen egikaritzearekin lotzen dutenak.
Ebidentzia hau funtsezkoa izan da oinarrizko eskubideen inguruko frogaren karga iraultzeko: enpresa behartu dute haren erabakia arrazoizkoa eta proportzionala dela justifikatzera, baina ezin izan du halakorik egin.
Oinarrizko eskubideen urraketa: Neurriaren deuseztasuna eta erreparazio osoa
Frogatutako egitateen baitan auzitegiek ebatzi dute enpresaren jokabideak hainbat oinarrizko eskubide urratu duela, besteak beste benetako babes judiziala izatekoa (Esp.Konst. 24. art.) aurretiazko erreklamazioengatik errepresalia kasuetan; berdintasun eskubidea eta diskriminaziorik ez izatekoa (Esp.Konst. 14. art.) haurdunaldi, gaixotasun edota kontziliazio eskubideei dagokienez; askatasun sindikalerako eskubidea (Esp.Konst. 28. art.), erabakiak jarduera errepresentatiboari eragiten dionean.
Kalifikazio horren ondorio juridikoa ez da soilik kalteordaina ematea, baizik eta enpresaren erabakia guztiz deuseza izatea, horrek dakartzan eragin guztiekin. Hain zuzen, garrantzi berezia duen kontu bat da ondorio ekonomiko bikoitz baten erreparazio osoaren beharra aitrotzea: bidegabe kendutako saria ordaintzea eta kalte moralagatiko kalte-ordain osagarria.
Auzitegien abiapuntua da oinarrizko eskubide bat urratzeak, berez, kalte morala eragiten duela, eta kalte hori konpondu egin behar dela. Honenbestez, aitortutako zenbatekoak ez dira sinbolikoak, baizik eta ordaintzeko xedea dute, baita disuasiorako ere. Kasuotan gehienetan ELAk lortu ditu 7.501 €ko zigor-kalteordainak.
“Mercadona eredua” diskriminatzailea da
Epai multzo honek ez ditu kasu bakanak deskribatzen; aitzitik, Mercadonaren enpresa-eredua identifikatzen du, hain zuzen ELAk aspaldidanik salatu izan duena. Areago, beste lurralde batzuetako epaien arabera jokabidea berdina da Mercadonaren kokagune guztietan; hau da, antolakuntza irizpide egonkor eta homogeneoen araberakoa da. “Mercadona eredua” enpresa-kudeaketako sistema diskriminatzailea da, langileen oinarrizko eskubideen kontrakoa.
Egoera ikusirik, ondorio argia atera behar dugu: Enpresek modu antolatuan jokatzen duenean erantzuna ere kolektiboa eta antolatua izatea eskatzen du. Horregatik, Mercadonako langileei dei egiten diegu antola daitezen, horixe baita enpresari aurre egiteko modurik egokiena.