Pobrezia gora doa Euskal Herrian

2015/01/02
2014ko Behar Sozialen EAEko inkestaren arabera, 2012 eta 2014 bitartean pobrezia arrisku egoeran daudenen kopuruak gora egin du.2008an populazioaren %5,7ari eragiten zion, 2014an berriz %8,2ari.

2014ko Behar Sozialen EAEko inkestaren arabera, 2012 eta 2014 bitartean pobrezia arrisku egoeran daudenen kopuruak gora egin du (inkesta honek pobrezia arriskua deritzo oinarrizko beharrei aurre egiteko familiek nahikoa dirusarrera ez izateari). 2008an populazioaren %5,7ari eragiten zion, 2014an berriz %8,2ari. Ongizate gabezia izateko arriskuari dagokionez (ongizate gabeziak, inkesta honen arabera, EAEkoa bezalako gizarte batean espero den gutxieneko ongizate maila mantentzeko gastu beharrari egiten dio erreferentzia), 2008tik gora egin du, orduan %16,4koa zen arriskua, 2014ean gora egin du %21,9ra iritsiz.

2008an EAEn 89.706 pertsona zeuden benetako pobrezia egoeran, populazio osoaren %4,2 (inkestaren arabera, benetako pobrezia egoerak epe ertain eta luzera bizi baldintza onargarriak kontsolidatzeko gaitasun faltari egiten dio erreferentzia).  Egoera honetan dauden pertsonak 2014an 127.399 dira, populazioaren %5,9. Benetako pobrezian dauden pertsonen kopurua %42 hazi da.             

Gainera, aberastasunaren banaketan desberdintasunak handitzen doaz. Hobekien bizi den populazio osoaren %50ak, 2008an zuen per kapita dirusarreren batez bestekoa baino altuagoa du 2014an. Gutxiago duen beste %50ak jasan du dirusarreren beherakada 2008 eta 2014 artean. Populazioaren %10 pobreenak %13,4 arteko dirusarreren beherakada jasan du.             

Egoera honetan prestazio sozialen sistemak, eta bereziki RGIak, pobrezia egoeran edo pobrezia arriskuan dauden pertsonen bizi baldintzak hobetu eta egoera honetatik irtetea ahalbideratu behar dute. Prestazio hauek beharrezkoak dira, baina momentu honetan ez dira nahikoak egoera hain larriari erantzuteko eta gainera ez dira modu egokian kudeatzen.  RGIa pobrezia arriskuan dagoen populazioaren %72,9ari soilik ematen zaio 2014an. 71.092 pertsona daude benetako pobrezian RGIa jaso arren, EAEko populazioaren %3,3a da, 2008an baino %68,6 gehiago.           

Arrisku egoeran dauden eta prestaziorik jasotzen ez duten pertsonen kopurua gorantz doa. 2008an 47.542 ziren, baina 2014an kopuru honek gora egin du 56.307 pertsonara iritsi arte. Arrisku egoeran dauden pertsonen %27,1a dira. Gabezia honen ondorioz, soldata eta pentsio baxuko pertsona hauen egoerak okerrera egiten jarraituko du.               

Alokairu, kreditu, hipoteka edo erreziboen ordainketan atzerapenak dituztenen edo ordaindu ezin dutenen egoerak ere okerrera egin du.  Egoera honek EAEn populazioaren %6,2ari eragiten dio, 2008an baino %112,4 gehiago. Pobrezia energetiko bezala ezagutzen denak ere gora egin du. Urteko hilabete hotzenetan etxea tenperatura egokian mantentzeko ahalmenak oso modu esanguratsuan egin du beherantz, hau da 2014an populazioaren %11k hotza pasatu du, 2008an baino %168,1 gehiagok.               

Benetako pobrezia jasaten duten familia tipologiei dagokienez, 4 talde dira egoera hau  gehien sufritzen dutenak: EB kanpotik etorritako atzerritarren familien %20, lan egoera egonkorrik ez duten 45 urtetik beherako familien %20, lan egoera egonkorrik ez duten 45 urtetik gorako familien % 9,3, eta lan egoera egonkorrik ez duten emakumeak buru dituen guraso bakarreko familien %15. Langabeziak eragin handia du pobrezia egoeretan. Benetako pobrezian daudenen artean, gutxienez familiako kide bat langabezian dagoenen portzentajea %72,8koa da 2014an, 2008an %43,1ekoa zen bitartean.               

Beste datu oso kezkagarri bat umeen pobrezia da. 14 urtetik beherakoen benetako pobrezia egoerak gainontzeko populazioarenak baino azkarrago egiten du gora. 2008an 14 urtetik beherakoen %7,3a benetako pobrezian zegoen bitartean, 2014an %11,2ra igo da tasa.               

EAEko pobrezia larriaren tasa EB-28ko batez bestekoa baino beherago dagoen arren, aipaturiko datuek kezka izugarria sortzen dute. Ez bakarrik gure inguruan pobrezia jasaten dutenen kopurua gora doalako, prestazio sozialen ustezko iruzurraren polemika faltsua zabaltzen den bitartean ikusten baitugu sistema ez dela eraginkorra eta laguntzak nahikoak ez izaten jarraitzen dutela.