Beste iruzurra Aernnovan

2015/01/14
Oraingo erregulazio txostena aurrekoaren jarraipena da, eta Aernnovak lantegi batean nahita eragin duen jarduera ezaren ondorioa da. Azken finean ezkutuko malgutasun basatia da, kartara egindako malgutasuna.

Funtsean aldi baterako enplegu erregulazio txostena (EEE) bakarra da, bi alditan emanda (2014an eta 2015ean), abian dauden proiektuetan eraginik ez izateko. Azken finean ezkutuko malgutasun basatia da, kartara egindako malgutasuna, Administrazioak orain eskaintzen dituen langabezia-baliabideen erabilera zitalaren adibide garbia. Izan ere, langabezia-baliabideen jomuga oso bestelakoa izan beharko zen, eta ez “ustezko jarduerarik ez” hori arintzea. Herri ogasunaren kontura joatekoak diren beharrizanak ez dira enpresak atez barrura aipatzen dituen alegiazko estutasunak.

Enpresa Batzordeak ez ditu ontzat eman enpresaren argudioak, jarduerarik eza frogatu nahi dutenak, eta jokaldi luze hori jendaurrean salatzen du. Enpresak azaldutako arrazoiak Batzordeak ez ditu inola ere bere egiten; alderantziz, guztiz faltsutzat jotzen ditu. Enpresak lan-karga nahikoa du, eta hala zabaldu du haren jakinarazpenetan (atez kanpora, Aernnovarentzat eta buru duen Gandasegui jaunarentzat aeronautika sektorea urrezko aroan dago). Lantegi horretatik lan-karga atera da, eta ateratzen jarraitzen dute; argudiaturiko jarduerarik eza, beraz, nahita eragindakoa izan da.

Salatu beharrekoa da herri-erakundeen konplizitatea enpresaren “jokaldi” horietan, legeak “neurrira” egitetik hasita —EEEak iruzurrez erabiltzeko inpunitatea ematen dietenak—, eta gero egintzetan konplizitatea izateraino. 2014ko EEEen gaineko epaiketa egiten zen egun berean, Urkullu jaunak konpainiaren laudorioak aldarrikatzen zituen Mexikon, konpainiaren hango lantegi batean, berriki handitutako lantegi batean, instalazioak bisitatzen zituen bitartean.

Horregatik guztiagatik, eta EEE hori zuritzeko enpresak eman dituen arrazoiak erabat faltsutzat jotzen ditugulako, enpresa batzorde honek ezetz esaten dio EEEari.