ELAk eskatzen die alderdi politikoei eta Eusko Jaurlaritza berriari murrizketak lehengoratzeko
EAEko azken bi gobernuek, Lopezenak eta Urkullurenak, murrizketa larriak egin dituzte zerbitzu publikoetan, batzuetan oinarrizko legeriaren aitzakiatan, besteetan beren ekimenez.
Zerbitzu publikoetako langileek eta zerbitzu horien jasotzaile diren herritarrek murrizketa larriak jasan dituzte, batzuek lan-baldintzetan eta besteek zerbitzuaren kalitatean, bai 2010. urtearen ondoko aldian, bai oraingo Eusko Jaurlaritzaren garaian. Horren adibide datu bakan batzuk:
-
Euskal sektore publikoko soldatapeko pertsonala 21.400 gutxiagotu da 2010etik 2014ra; izan ere, 151.100 izatetik 129.700 izatera jaitsi da (iturria: Eustat). Enplegu publikoaren %14 suntsitu da, gehienbat Eusko Jaurlaritzaren esparruan bertan.
-
Enpleguaren eskaintza publikoen ezaren ondorioz Eusko Jaurlaritzako behin-behineko pertsonalaren tasa %35etik gorakoa da, enpresa pribatukoa baino askoz handiagoa.
-
Aldi horretan Eusko Jaurlaritzako pertsonalak eroste-ahalmenaren %16 galdu du, eta baita eskubideak eta lan-baldintzak ere.
Murrizketa horietako batzuk egiteko, oinarrizko legeria espainolaren aitzakiaz baliatu dira. Eta aitzakia esan dugu, zeren legearen arabera atzera-pausoak emateko aukera izan dutenean ez dute atzera egin nahi izan; horra hor, Itzarrirentzako ekarpenak, aparteko ordainsariaren itzulketa, aldi baterako baliaezintasunaren osagarriak. Beste batzuetan murrizketak egiteko ekimena Eusko Jaurlaritzarena berarena izan da. Plantillaren mobilizazioagatik bakarrik berreskuratu da 35 lanorduko akordioa.
Oraingo testuinguruan gauza jakina da gobernu espainola osatu eta berehala murrizketa gehiago ezarriko direla, eta seguru aski zerbitzu publikoak geratuko direla haien eraginpean. Bai herritarrek, bai zerbitzu publikoetako langileek merezi dute jakitea, irailaren 25a baino lehen, nolakoak diren alderdi politikoen iritziak murrizketa horien gainean. Alderdi politikoei, beraz, iritzia emateko eskatzen diegu. Orain arte egindako murrizketei eutsiko diete? Murrizketa-neurri berriak ontzat emango dituzte? Madrilen harturiko erabakien betearazle hutsak izateko papera onartuko dute?
ELArentzat badago gauza bat argi dagoena: borondate politikoa izan denean murrizketak saihesteko eta lehengoratzeko neurriak aurkitu ahal izan dira, eta zerbitzu publikoetako lan-baldintzak eta maila hobetu ere hobetu ahal izan da. Eusko Jaurlaritza berria oraingo murrizketen aldekoa agertzen bada, edo murrizketa berriak egitearen alde agertzen bada, gobernuan dagoen alderdia edozein delarik ere, ELAk mobilizazioak bultzatuko ditu, murrizketak lehengoratzea lortu arte, herritarrentzako zerbitzu publikoak hobetu arte, eta zerbitzu horietan lanean diharduten langileen baldintzak jaso arte.