Zerga sistemak enpresei mesede egiten jarraitzen du
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako urte amaierako aurreikuspenek baieztatzen dute ELA sindikatuak urte luzez salatu izan duena: EAEko zerga sistema gero eta bidegabeagoa da. Diru bilketa orokorra handitzen ari da, kontsumoak eta lan errentek bultzatuta, baina enpresek gero eta gutxiago ordaintzen dute. 2025ean, EAEko diru bilketa iazkoa baino %10 handiagoa izango dela aurreikusten da, eta 20.000 milioi euroko kopuru historikoa gaindituko du. Hala ere, Sozietateen gaineko Zergatik datorren diru sarrera %14 txikituko da, urte amaierako aurreikuspenen arabera. Horrenbestez, bildutako 100 eurotik soilik 7 euro etorriko dira sozietate zergatik.
Diru bilketaren pisua, oraindik ere, lan errenten eta kontsumoaren gain erortzen da. IRPF eta BEZa dira gehien hazten diren bi zergak, bitartean enpresa handiek eta ondare handiek beren ekarpen errealak murrizten dituzte. ELAk salatzen du langile klaseak sostengatzen duela zerga sistema; enpresek, aldiz, kenkari, salbuespen eta zerga murrizketen bidez, ogasunen bilketa ahalmena ahultzen dute.
Sozietate zergaren bilketaren jaitsiera ezin zaio egotzi enpresa krisi bati: Euskal Herriko ekonomiak hazten jarraitzen du, enplegua egonkor mantentzen da, eta enpresa askok etekin handiak izan dituzte. Datuek argi erakusten dute enpresen ekarpena gero eta txikiagoa dela zerbitzu publikoen finantzaketan, baita hazkunde ekonomikoaren testuinguru batean ere.
Bestalde, 2025ean onartutako zerga erreformak egoera hori are gehiago larrituko du. Erakundeek eurek aitortu dute aldaketa horien ondorioz urtean 300 milioi euro baino gehiagoko diru galera izango dela. Galera hori gehitzen zaio dagoeneko kezkagarria den errealitate bati: Euskal Herriko presio fiskala Europako batez bestekoaren azpitik dago. EAEko presio fiskala inguruko herrialdeen pare jartzeko, urtean 7.000 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke.
Egoera horren aurrean, ELAk honako hau eskatzen du:
-
Enpresa handiei mesede egiten dieten salbuespen eta onura bidegabeak ezabatzea.
-
Sozietateen gaineko Zergan gutxienez %25eko benetako tasa minimo eraginkorra ezartzea.
-
Enpresa iruzurraren eta ihes fiskalaren aurkako neurri sendoak.
-
Zerga karga bidezko banaketa, gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten.
ELA sindikatuak berresten du bere eskaria: zerga sistema bidezko eta progresiboa, kalitatezko zerbitzu publikoak finantzatzeko eta gizarte arrakala murrizteko gai izango dena.