ELAk irabazi egin dio Arregui enpresari lan batzordeko presidentea kaleratzeagatik epaiketa
Epaitegian beste jorraldi bat eman diote Celsa Atlantic enpresari (lehengo Laminaciones Arregui). Gaur Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak batzordeburua kaleratzeko erabakiaren deuseztasuna berretsi du.
Gertaerak 2012ko uztailekoak dira, orduan Zuzendaritzak ELAko lider sindikala kaleratu zuen. Zuzendaritzak ordezkari ezagun bat kaleratuz bilatzen zuen helburua ez zen besterik plantilla kikiltzea baino.
ELAk Gasteizko epaitegietan lehen auzialdian irabazi ondoren, enpresak epaia errekurritu zuen. Bitartean, epaiari men egin beharrean, enpresak nahiago izan du ELA-ordezkaria etxean izatea, lanean balego bezalako lansariak ordainduz, harik eta EAEko Auzitegi Nagusiak epai irmoa eman arte.
Eta gaur EAEko Auzitegi Nagusiak, hamaikagarren aldiz, behartuko du Laminaciones Arreguiko Zuzendaritza atzera egitera.
ELA sindikatutik harriturik ikusten dugu Laminaciones Arreguiren nagusikeria enpresako langileekiko, lanean jarraitzen dutenekin eta kaleratu dituenekin. Gatazka konpontzen saiatu beharrean, enpresaren bideragarritasuna erraztearren, milioika euro xahutu ditu bere langileei kalte egiteko.
Dei egiten diogu hemendik berriro Zuzendaritzari, gatazka onbideratzeko, eta ezin iraunezko egoera horri elkarrizketa bidezko akordioaren alde apustu egiteko.
Halaber, jendaurrean salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren jarrera pasiboa eta arduragabea, zeren Arabako lantegiak mantentzearen alde gogor aritu beharrean, itxurakerietan dabil.
Dei egiten diegu Lan eta Industria Sailei, arazo honi ekin diezaioten behingoz. Enpresako Zuzendaritzaren nagusikeria eta agintekeriaren aurrean langileen alde egitea enpleguaren alde egitea da, eta hori hala dela onartu behar dute Eusko Jaurlaritzan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren berehalako bitartekaritza eskatzen dugu, gatazka hori konponbidean jartzeko.
Azkenik, ELA sindikatuak bere konpromisoa berresten du Laminaciones Arreguiko langileekin, eta ia bi urtetik hona daramaten borroka eredugarriarekin.
Laminaciones Arreguiko Zuzendaritzak hartu duen norabidea ez da zuzena, gatazka konpondu nahi izatekotan; baina, hala ere, alderdi honetatik senperrenak egingo ditugu gauzak adostasunez konpontzeko.