MUGIKORTASUNA
Mugikortasun eredua eraldatzeko proposamenak
Dugun garraio eredua aztertu eta dituen gabeziak identifikatuta izanik, aldaketa sakonak egitea ezinbestekoa izango da hurrengo urteetan behar dugun trantsizio ekosoziala gauzatu dadin. Lehentasuna garraio publiko sistema eraginkor bat bultzatzea izango da, auto pribatuaren erabilera gutxitzeko, baina mugikortasuna bera gutxitzeko neurriak ere behar dira.
Garraio publikoa hobetzeko proposamenak:
- Aurrekontuetan garraio publikora bideratzen diren partidak handitu behar dira. Gaur egungo inbertsioarekin ezin da sare eraginkor bat garatu.
- Garraio publikoaren lineak gehitu eta maiztasunak areagotu behar dira, batez ere hiriguneetatik kanpo geratzen diren zonaldeetan. Lurralde kohesiorako ezinbestekoa da garraio publikoaren bidez herriak ongi komunikatuta egotea.
- Deskontuak bateratu behar dira administrazio maila guztietan.
- Garraio publikoan dagoeneko ezarri diren deskontuak mantendu behar dira, eta doakotasunerantz egiteko pausuak eman. Deskontu politika izan da azken urteetan garraio publikoaren erabilera areagotzeko politika publiko eraginkorrena.
- Garraiobide ezberdinak erabiltzeko txartel bakarra behin betiko ezartzea ezinbestekoa da. Urteak daramatzate administrazio ezberdinak txartel bakarra ezarriko dela esaten eta oraindik ez da egia bihurtu.
- Ibilgailuen elektrifikazioan garraio publikora bideratutako ibilgailu kolektiboek izan behar dute lehentasuna (tranbia, metroa, autobus elektrikoak, trena), auto pribatuak eta emisioak gutxitzeko.
- Garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak emakumeak, pertsona migratuak eta erosahalmen gutxien dutenak dira, eta horregatik, neurri bereziak behar dira kolektibo hauen beharrei hobeto erantzuteko. Esaterako, txandaka edota gauez lan egiten dutenei egokitutako ordutegiak eta maiztasunak.
- Administrazioak lan zentru handiak (industrialdeak, ospitaleak, unirtsitateak, administrazio publikoaren zentru handiak,… garraio publikoz ongi konektatu behar ditu.
Mugikortasuna gutxitzeko proposamenak:
- Ekonomia birkokatu. Ekonomia gertukoa izan behar da merkantzien garraio beharra gutxitzeko, ondorioz energia fosil gutxiago erabili eta emisio gutxiago isuriko dira. Nazioartekotze estrategiak geldiarazi behar dira, hornidura eta salmentak ahalik eta gertuen eginez.
- Garraio sistema eraldatu. Ez da nahikoa izango ibilgailuen elektrifikazioa. Dugun parke automobilistiko osoa ezingo da elektrifikatu, izan auto elektrikoen prezioagatik edo beharrezkoa izango den material guztia eskuratzeko ezintasunagatik. Pertsonen mugikortasuna garraio publiko eta kolektiboan oinarritu behar da.
- Elikadura burujabetza areagotu elikagaiak bertan ekoiztuz eta kontsumituz, milaka kilometro egin gabe.
- Enpresetan mugikortasun planak: Legeak behartutako enpresez gain, besteetan ere mugikortasun planak egin behar dira merkantzien eta langileen mugikortasuna gutxituz. Horretarako hartu beharreko neurriek aukera ezberdinak bultzatu behar dituzte: bizikleta, garraio publikoa, auto partekatua, telelana, ordutegiak malgutzea,…
- Hirigintza jasangarriak eta lurralde antolaketa politikek lurraldearen kohesioa lortzeko neurriak bultzatu behar dituzte: pertsonen mugikortasun aktiboa posible izateko hiri eta herriak diseinatu (oinez, bizikletaz), zerbitzu publikoak herrialde osoan zehar sakabanatu herritarrengandik distantzia gutxira egoteko, industria eta ekonomiaren zentrua hirietan soilik ez kokatzea,…
Neurri guzti hauek behar-beharrezkoak dira dugun mugikortasuna gutxitzeko eta trantsizio ekosozial justu bat, gizarte osoari erantzuten diona, aurrera eramateko.