Kaleratzeen aurkako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du
Kaleratutako langileek euren kategoria erreklamatu, eta enpresak hasiera batean onartu bazien ere, erabakia atzera bota eta espedientea zabaldu zien. Ondoren etorri dira kaleratzeak. ELA eta LABek argi dute jazarpen sindikala dagoela erabakiaren atzean: enpresak kaleratzeekin langileei igorri nahi die mezua, halakorik berriro egin ez dezaten.
Bestetik, UGTk gehiengo osoa duen komitearen jarrera deitoratu nahi dute sindikatu deitzaileek. UGTk, CCOOrekin batera, ez ditu langileen interesak defenditu eta argudiatu du ez direla enpresa barneko bideak jorratu kategoria eskaerak lortzeko. Onartezina da hori, legeak baimentzen duen bidea jorratu dutelako langileek. Areago, langileekin egoeraz aritzeko asanblada deitzeko eskatu diegunean, ezezkoa eman dute, enpresak bideratutako foroak horretarako direla argudiatuta. Foro horietan ez daude ez ELA, ez LAB.
Egoera hori salatzeko, langileek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dute Sidenorren. Beste enpresetako langileak ere elkartu dira, hala nola, Fibertecnic enpresako grebalariak. Guztiak bat datoz jazarpenarekin amaitu behar dela aldarrikatzerakoan, eta kaleratutako lankideak berriro lanpostuetara itzuli daitezela eskatu dute.