Federazioak, indartuta
Azaroan zehar ELAren hiru federazioen kongresuak egin ziren. Bertan, azken urteetan egindakoaz hausnartu eta etorkizuneko erronkak aztertzeko parada egon zen. Gainera, federazio bakoitzeko Batzorde Iraunkorrak bozkatu ziren.
Gizalan: Publikoa sendotzeko antolatu
Igor Eizagirre Alza izango da zerbitzu publikoak biltzen dituen Gizalan federazioaren idazkari nagusia beste behin. Hala erabaki zuten Gizalan federazioaren izenean Donostiako Kursaal Jauregian bildu ziren 217 ordezkariek. Proposamenak % 90,78ko babesa izan zuen, eta Batzorde Iraunkorra osatuko duten gainontzeko kideak honakoak izango dira: Iratxe Mier Villarias, Esther Saavedra San Miguel, Miren Zubizarreta Juaristi, Leire González Zubiri, Eneko Agirreurreta Serna, Urdax Bañuelos Ruiz de Erentxun, Aintzane Orbegozo Zigaran, Txomin Lasa Ormaetxea, Julio Fombellida Fernández eta Arkaitz Herreros Garai.
Bere lehen hitzaldian Igor Eizagirrek, Gizalaneko militantziaren babesa eskertu ondoren, federazioak azken urteetan egindako lana azpimarratu zuen. “Aurreko biltzarrak agindu bat utzi zigun: zerbitzu publikoak desegiteko estrategia bat dago martxan, eta horri aurre egin behar diogu. Eta agindu hori bete dugu, ez dugu beste alde batera begiratu, eta hori erakusten dute sektore publikoko ia arlo guztietan bultzatu ditugun greba eta mobilizazioek. Hasitako bideari jarraipena eman nahi diogu. Zerbitzu publikoak desegiteko estrategia honi aurre egiten jarraituko dugu. Borrokan jarraituko dugu”.
Horretarako datozen urteetarako bide orriaz hausnartu zuen. “Kongresuan onartutako bost ebazpenek argi uzten dituzte gure helburuak: zerbitzu publikoak, euskara zerbitzu publikoen komunikazio-hizkuntza gisa eta zaintzen publifikazioa aldarrikatu nahi ditugu”.
Zerbitzuak: Berdintasunerako antolatu
“Kongresuan erabaki duguna ez da txorakeria: ausart jokatu dugu; bermatzeko guztiok irabaziko dugula, negoziazio kolektiboan hilean gutxienez 1.600 euroen langa finkatu dugu”. Hala aipatu zuen amaiera hitzaldian Ane Alberdi Legorburuk, Zerbitzuak federazioko idazkari nagusi berriak. Izan ere, kongresuaren leloari jarraituz
–Berdintasunerako antolatu-Un sindicato para que ganemos tod@s’– Gasteizko Europa Jauregian bildu ziren 181 ordezkariek datozen lau urteetarako federazioak dituen erronkak eztabaidatu zituzten.
“Zerbitzuak federazioak –nabarmendu zuen Ane Alberdik– berdintasunaren alde lan egiteko antolakuntza hobetzeko erabakia hartu du. Berdintasunerako antolatu ez da lelo huts bat, erabaki bat baizik: datozen urteetarako iparra izango da. Gure indar nagusia langileak ditugu, eta sindikatu honen eginkizuna da haien beharrizanei lehentasuna ematea. Hainbat borroka areagotu nahi ditugu: antirrazismoa, feminismoa, LGTBI kolektiboaren eskubideak, aniztasun funtzionala duen jendea... Borrokatu beharra dago; antolatu eta politizatu egin behar dugu langileria oro har, berdintasunaren alde”.
Ane Alberdik azken urteetan idazkari nagusi izan den Mari Cruz Elkororen lekukoa hartuko du. Alberdik buru zuen Batzorde Iraunkor proposamenak % 90,61eko babesa izan zuen. Irati Ugarte Díaz, Janire Ornes Uriondo, Garazi Garate Otsoa, Egoitz Iturbe Saez de Nanclares, Manex Elortza Larrea, Maria Uria Etxeberria eta Pablo Sanchez Gonzalez izango dira Batzorde Iraunkorreko gainontzeko kideak.
Industria eta Eraikuntza: Langileekin eraldatu
Barañaingo Auditorian bildutako ordezkariek babes zabala eman zioten Industria eta Eraikuntza federazioaren zuzendaritza berriari. Gauzak honela, % 92,02ko babesa lortuta, Unai Martinez Azarola izango da idazkari nagusia datozen urteetan. Arrate Elkoro Zengotitabengoa, Mikel Etxebarria Campos, Sergio Vazquez De la Fuente, Esther Arruti Roteta, Ioritz Mendiguren Lekuona eta Amagoia Lasagabaster Altubek osatuko dute federazioaren Batzorde Iraunkorra.
Langileekin eraldatu. Hori izan zen Kongresuko leloa. Mezu horri jarraiki, Unai Martinezek militanteen sostengua eskertu eta antolakuntzaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. “Sindikalistok botere kolektiboa sortzeko eginbeharra daukagu. Antolatzaileak gara eta langileei tresnak eman behar dizkiegu beraien etorkizunaren jabe izateko. Indarra sortu behar da, bestela kontsultak erantzungo ditugu, legearen bueltako arazoak argituko ditugu, epai batzuk irabaziko ditugu eta hitzarmen txukunen bat ere sinatuko dugu… Baina kapitalismoak geroz eta pobreagoak eta menpekoagoak izatera eramango gaitu egunez egun”.
Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan sindikatuak dituen erronken inguruan hausnartu zuen. “Zer egin behar du kontrabotereko sindikatu batek? Boterea sortu! Eta hori erronka kolektibo oso potoloa da; militante guztiei luzatzen diegu gonbidapena parte hartzeko prozesu honetan, ederra da! Izan indartsu, eraiki boterea!”.
Horregatik, Unai Martinezek argi utzi du datozen lau urteetako jarrera: “Ez dugu inongo atzerapausorik emango ez negoziazio kolektiboan, ezta enpleguaren defentsan ere. Mezu hau patronalei, mezu hau gobernuei: aberastasunaren banaketa borrokatuko dugu, gure jendearen lanpostuak defendatuko ditugu, neoliberalei kaña!”.