ELAk oroitarazten du sektore publikoko %0,3ko akordioa ez datorrela autogobernuaren defentsatik, Madrilen lorturiko akordio bat aplikatzetik baizik
2018ko martxoan akordio bat lortu zuten PPko Montoro ministroak eta UGT eta CCOO sindikatuek. Horren bidez administrazio publikoetako langileen soldata-igoera ezarri zen, herri-langileen gehiengo sindikal eta politikoei eskumen hori kenduz. 2018-2021 urteetarako akordioa da, baina Estatuak betekizun bat ezarri zuen: Nafarroak urte horietan aurrekontu-superabita izan behar zuen. Hau da, %0,30 hori banatu ahal izateko, Nafarroak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean diru-sarrera gehiago izan behar zituen, gastuak baino; zenbat gizarte-beharrizan estali gabe geratzen ziren aintzat hartu gabe (adibide bat jartzearren, Nafarroan 83.000 biztanle bizi dira pobrezian). Ekitaldiak superabitaz bukatzea politika neoliberalaren oinarria da. Europako Batasuna ekonomia-krisiaz baliatu zen austeritate-politika ezartzeko, langileriari oso ondorio latzak eraginez.
2018ko urrian Nafarroako Gobernuak akordio bat egin zuen LAB, UGT eta CCOO sindikatuekin, %0,3 hori banatzeko. Baina Estatuak akordio hori baldintzatu zuen, eta onetsitako zenbait neurri izozturik geratu ziren. Madrildik erabakitzen da Nafarroako Administrazioko langileen soldaten zenbatekoa, eta baita soldatak nola jaso behar diren ere.
Estatuko Administrazio Orokorreko Kooperazio Batzordearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko akordio baten bidez %0,3 banatzeko modua onetsi da, 2018ko zenbatekoari dagokionez. Eta, hitzez hitz, honako hau jaso da akordioan: "Estatuko aurrekontu orokorren Legeak, 2018. urterako, dituen soldata-arloko mugak gorde direla frogaturik geratu da".
ELAren ikuspegitik, Foru Administrazioko langileek nola, noiz eta zenbat jaso behar duten Madrildik erabaki izanagatik Nafarroako Gobernua eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuak poz-pozik agertzea oso albiste txarra da. Eta hori gutxi balitz bezala, akordioa autogobernuaren defentsaren ibilbidean gertaera historikotzat jo dute. Gure aburuz Nafarroako Administrazioko Mahai Orokorreko gehiengoei eskumenak kendu zaizkie; eta gainera neurri horiek zeharo urriak dira, orain arteko murrizketak ez dira lehengoratuko, eta Estatutik ezarritako austeritate-politiken menpean egonen dira.