ELAk Pradalesi eta Chiviteri exijitu die aurrekontuetan etxebizitzarako gutxienez BPGaren % 1 aurreikustea
Azaroaren 11ko greba orokorra mugarri bat izan behar da Hego Euskal Herriko etxebizitza politiken ibilbidean. Atzo 200.000 lagun baino gehiago atera ziren kalera goizeko mobilizazioetan, eta arratsaldean mobilizatu ziren herritarrak ere kontuan hartuta, milaka lagunek bat egin zuten grebarekin, higiezinen espekulazioari amaiera emateko eta etxebizitza negozio izan beharrean bermatutako eskubidea izan dadila aldarrikatzeko. Gainera, mobilizazioetan hemen erabakitako gutxieneko soldata aldarrikatu zen, 1.500 eurokoa, eta bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko moduko soldata igoerak.
Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak atzoko eguna mobilizazio sindikal eta sozialaren mugarritzat jo du. Haren hitzetan, “urte luzez egindako lan sindikalaren emaitza da, eta greba orokor honetan, bereziki, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek egindako antolakuntza lan luzeari esker lortu da”.
Muñoak ohartarazi duenez, Pradalesen eta Chiviteren gobernuek, foru aldundiek eta udalek ezin dute gertatutakoa kontuan hartu gabe jarraitu. Izan ere, “gehiengo sozialaren aldarrikapenak entzuteko eta premiazko neurriak hartzeko ardura dute”, azpimarratu du.
Etxebizitzaren krisia urte askotako erabaki politikoen emaitza da; betiere enpresen interesak lehenetsi dira, ez aterpe bat izateko eskubidea. Muñoaren arabera, “Pradales eta Chiviteren gobernuek eraikuntza enpresen negozioari mesede egin diote; indartu duten ereduaren oinarria salerosketa izan da, eta horrek bankuak aberastea ekarri du; aldi berean etxebizitza babestuaren gainbehera ontzat eman dute”.
“Ondorioa zein da? Pobrezia, ezberdintasuna eta bazterkeria dakarren eredu hau; etxebizitza errentisten klasea eta funts putreak aberasteko bide bilakatu da", esan du idazkari nagusiaren albokoak.
Mitxel Lakuntzak aipatu duenez, borondate politikorik ez dagoela nabarmen ikusten da 2027ko aurrekontuetan. “Etxebizitzaren krisi betean Eusko Jaurlaritzak honetarako aurrekontuaren % 2,8 besterik ez du jartzen, eta gobernu nafarrak % 1,6". Aurrekontu hauek aurkeztu direnean badirudi Hego Euskal Herrian ez dagoela etxebizitza arazorik. “Aurrekontuok alboratu egiten dute bizileku duina izateko arazoak dituen jende guztia”.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren kasuan baliabide gehiago jartzen da etxebizitza ordaintzeko laguntzak emateko etxe babestuak eraikitzeko baino. Haatik, laguntza ekonomikoak ezin dira izan parke publiko zabal baten ordezko.
Inbertsio publiko urri honek eragin du alokatzeko dagoen etxebizitza babestu kopurua oso txikia izatea: EAEko bizileku guztien % 2,6 eta Nafarroako % 2. Aldiz, Europako batez bestekoa % 6,5 da, baina adibidez Vienan etxeen % 23 dira.
“Etxebizitza eskubidea ezin da bermatu parke publikoa hain txikia izanik; ezin da jarraitu baliabide publikoak jartzen funtsean higiezinen negozioari mesede egiteko”, dio ELAk.
Lakuntzaren esanetan, atzoko mobilizazio historikoaren ondoren Pradalesen eta Chiviteren gobernuak, aldundiak eta udalak behartuta daude erabakiak hartzera, espekulazioa amaitu eta etxebizitza izateko eskubidea bermatuko bada:
• Beste bizilekurik eskaintzen ez denean etxegabetzeak debekatu.
• Enpresek espekulatzeko egiten dituzten etxe eta lursail erosketak galarazi.
• Sasoiko alokairua debekatu eta etxebizitza turistikoak mugatu eta mailaka gutxitu, etxebizitza eskubidea erabilera turistikoaren gainetik gera dadin.
• Halaber, Pradalesen eta Chiviteren gobernuek zuzenean aplikatu behar dute etxe hutsen gaineko kanon edo zerga bat; erabakia ezin da udalen esku utzi. Etxe bat hutsik egotea jabearentzat garesti izan behar da. Honela epe laburrean 40.000 bizileku mobilizatuko lirateke.
• Etxebizitzako aurrekontua bikoiztu egin behar da, epe laburrean EAEn 1.103 milioi euro izateraino (BPGaren % 1) eta Nafarroan 300 milioi; epe ertainera, berriz, kopuru hori % 2raino gehitu behar da. Ezin da aurrera atera eskubide hau bermatzeko baliabideen taxuzko igoerarik gabeko aurrekonturik.
• Aurrekontuaren zati bat banku publikoa sortu eta elikatzeko baliatu behar da; haren eginkizuna, alokatzeko etxebizitza babestua eraikitzea eta familiei maileguak ematea, hauek bankuen etekinen menpe izan ez daitezen.
• Legeak aldatu behar dira babestutako etxe guztien kalifikazioa iraunkorra izan dadin eta merkatu librean gera daitezen ekiditeko.
ELAk konpromiso zehatzak, lege-aldaketak eta aurrekontuak galdatzen ditu etxebizitza eskubidea bermatzeko. “Azaroaren 11 ondoren lehengo politikari eustea izango litzateke milaka eta milaka langileri entzungor egitea”, azaldu du.