Donostialdeko Aldi Baterako Enpresa-Elkartea (ABEE)

Greba mugagabea, Gipuzkoako errepideen kontserbazioko gainerako langileekin parekatzeko

Greba mugagabea, Gipuzkoako errepideen kontserbazioko gainerako langileekin parekatzeko
Donostialdean errepideen mantentze lanez arduratzen diren langileek greba mugagabea hasi dute lan baldintzak hobetzeko. ELAk gehiengo osoa du Gipuzkoako kontserbazioko Aldi Baterako Enpresa-Elkarte guztietan eta baieztatu du greba ez dela etengo langileen baldintzak ekiparatu arte.

Donostialdeko Aldi Baterako Enpresa-Elkarteko (ABEE) langileek sei hilabete baino gehiago daramatzate beren lan baldintzak Gipuzkoako errepideetako gainerako kontserbazioetakoekin parekatu nahian.

Matinsa eta Serkom enpresek osatutako Donostialdea ABEEk aspalditik kudeatzen du inguruko errepideak mantentzeko zerbitzua, langileek iruzurtzat eta segurtasunik gabekotzat jotzen dituzten baldintzetan. Hori dela eta, langileek greba mugagabea abian jartzea erabaki dute, beren egoera ikusarazteko eta kontserbazioko gainerako ABEEekin parekatzea lortzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko kontserbazio-enpresa guztiek dituzte ELAk negoziatutako lan-baldintzak, gaur egun Donostialdeko langileek dituztenak baino nabarmen handiagoak. Hobekuntza horiek langileen ongizatean ez ezik, zerbitzuaren kalitatean eta herritar guztien segurtasunean ere eragiten dute.

Garrantzitsua da nabarmentzea errepideen mantenurako langileek interes publikoko zerbitzua ematen dutela eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan. Horregatik, ezinbestekoa da kontziliazio-formulak, lanaldien arteko atsedenaldiak eta hobekuntzak ezartzea, ongizatea eta segurtasuna bermatzeko.