GIZARTE SEGURANTZA

ELAren ustez, eskumen osoa jaso behar du estatus berriak

2026/01/16
Espainiako erabakiak kudeatzeko transferentziak baino, langileen aldeko politikak erabakitzeko gaitasuna eta bermea dira ezinbestekoak.

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa itxi zuten atzo Gernikako Estatutuan jasotako beste bost eskumen Eusko Jaurlaritzaren esku gera daitezen. Estatutua 1979an, erreferendum bidez, onartu zenetik 47 urte bete behar direnean, beste hamasei transferentzia faltako lirateke oraindik eskualdatzeko, adostu diren bost hauetaz gain. Gernikako Estatutua da, Nafarroako estatutuarekin batera, espainiar estatu osoan bete gabe eta berritu gabe dagoen estatutu bakarra.

ELAren ustez, autogobernuaren egoerak okerrera egin duela aitortzea da ezinbesteko abiapuntu zintzo bakarra. 2010etik aurrera erreforma ezberdinen bitartez eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiz birzentralizazio prozesu bat eman da; arau fiskalak, erreposizio tasak, langile publikoen negoziazioaren ukapena...

Pradalasen gobernuak bere hausnarketa bere eta praxi politikotik salaketa hori saihestu nahi badu ere, gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak berak, dokumentu ezberdinen bitartez “higadura isil” hori onartu zuela.

Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du instituzioen arteko negoziazioen antzezpenetara jolasten, eta lorpen berantiarrak eta partzialak garaipen gisa plazaratu nahian. 

Oraingoan azpimarratzen dute lortutako bost eskumenetatik hiru Gizarte Segurantzari lotutakoak direla, baina berriro ere kudeaketa da transferitzen dena, hau da, Espainiaren leihatila bat izateko aukera hutsa. Honegatik guztiagatik, legeak egiteko gaitasuna da behar duguna, ez Espainian erabakitzen diren legeak kudeatzeko leihatilak. 

Euskal Herriak testuinguru sozioekonomikoan lan-eskubideen eraginkortasuna bermatzeko tresnak behar ditu, tresna legegileak, langileen beharretara egokitutako politikak garatu ahal izateko. Euskal Herriak lan harremanen eta babes sozialaren marko propioa behar du, lan- eta bizi- baldintzak hobetzeko. Horretarako, lan-legediaren eskumen osoa ezinbestekoa da. ELArentzat eduki hauek ezinbestekoak dira balizko estatus berri baterako negoziazio eta akordioan.

Hilabeteotan Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak aurkeztutako Herri Ekimen legegileari eta sindikatuok 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa erabakitzeko aurkeztutakoari emandako erantzunak zalantzan jartzen du gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetzen dituzten eskuduntzak Euskal Herrian eraikitzeko benetako borondaterik dagoenik; espainiar estatuarekin konfrontatzeko asmorik dagoenik.

Burujabetzan aurrerapausuak eman eta Euskal Errepublika eraikitzeko beharrezko ditugun eskumenak, gehiengo sozialen aldeko politikak garatzeko eskumenak, gutxieneko soldata hemen erabakitzeko aukera, esaterako, ez dira alderdien arteko negoziazio-mahai diskretoetan lortuko.

Aitzitik, burujabetzak eraikiz eta borroka demokratikoaren bidez lortuko dira. Herri honek behar duen estatus berriak ezinbestekoa du herri aktibazioa. Martxoaren 17ko greba orokorrak norabide horretan urratsa egin nahi du.