Behera egin du Hego Euskal Herrian, baina kontratuen prekarietateak arau izaten jarraitzen du
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako azken datuen arabera, 870 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Jaitsiera hori EAEn metatzen da osotasunean, 1.123 langabe gutxiagorekin; Nafarroan, berriz, 253 langabe gehiago daude, eta horrek joera desberdinak erakusten ditu bi lurraldeetan.
Emakumeen langabeziak ere bilakaera positiboa izan du, HEH osoan 1.000 emakume gutxiago baitaude langabezian. Beherakada EAEn gertatu da (– 944), eta Nafarroan, berriz, ia aurreko hileko maila berean mantendu da (– 56). Hobekuntza hori gorabehera, desberdintasunak bere horretan dirau, eta emakumeek langabezia osoaren proportzio askoz handiagoa pairatzen dute.
Gazteen artean, HEHn 311 gazte gutxiago daude langabezian; EAEn 305 gutxiago eta Nafarroan egoera egonkorra da. Zifra positiboak badira ere, gazteen langabeziaren guztizko kopuruak pandemia aurreko mailatik gora jarraitzen du.
Kontratazioak lan-merkatuaren prekarietatea berretsi du berriro. Espainiako Ministerioaren datuen arabera, azaroan sinatutako kontratuen %77,5 aldi baterakoak izan dira, aurreko hilabetean baino proportzio handiagoa, eta horrek agerian uzten du lan-merkatuak ez duela enplegu egonkorra sortzeko gaitasunik.
Oro har, zifrek agertoki duala erakusten dute: langabeziak behera egin du EAEn, baina Nafarroan bere horretan dirau; eta hobekuntzak ikusten badira ere, sortzen den enpleguak aldi baterakoa izaten jarraitzen du. Horregatik, prekarietatearekin amaitzeko neurriak hartu behar dira; jhala nola, behin-behinekotasunaren abusuaren muga argiak, soldata-arrakalaren aurkako politika eraginkorrak eta enplegua finkatzeko benetako neurriak, horrekin batera, KPIaren araberako soldata-igoerak bermatzea beharrezkoa da.