Antolatu Xiberutikan mendebaldera!
Arranoaren hegaldi berria hastera doa. Korrikaren edizio berria datorkigu bi urte ondoren martxoaren 16tik martxoaren 27ra. Honek, ilusioa eta poza suposatzen digu euskaldun askori, izan ere, saretzeko zein gure indarrak batzeko balio digute egun hauek. Aldi berean, Arranoa “urrezkoa” uste duen kaiolan dago sartua. Ezin dugu esan Korrikaren etorrera guztiz albiste ona denik, gure hizkuntza beste bi urtez minorizatua eta zapaldutako jarraitu duelako. Korrika gure hizkuntza berpizteko, indartzeko eta normalizatzeko sortu zen eta helburu hauek lortzearekin batera amaituko du bere ibilbidea.
Halanda be, gure hizkuntzari ez zaizkio maitasunezko ezkutitzak iristen. Euskarak eta euskaldunon eskubideek ez dute aurrera egin, eta egoera geroz eta latzagoa da pairatzen ari garen zapalkuntza. Dakigun moduan, globalismoaren eta kapitalismoaren krisi sakon honetan, jarrera ultraeskuindarrek eta erreakzionarioek paradigma politiko ezberdinetako espazioak irabazteaz gain, kontrakultura hegemoniko bat sortzen ari dira munduan zehar. Ahaztu gabe, historikoki, estatu Espainiar zein Frantziarrak emandako politika linguizidak eta supremazistak suposatu diotena gure hizkuntza eta nazioari. Hori dela eta, euskaldunon aurkako jarrerak hazi dira eta geroz eta nabariagoa da euskaldunon aurkako eskubide urraketa sistematikoa (nahikoa da ikustea ia egunero egunkarietan datozkigun euskararen aurkako sententzien albisteak).
Hau ikusita, ezinbestekoa da behin eta berriro esatea gure hizkuntza dela gure nortasunaren adierazpen nagusienetako bat, beste hitz batzuetan esanda, “zer gara euskara bera ez bagara?”. Alde batetik, euskarak egiten baitigu euskaldun eta euskaratik sortzen eta eraikitzen baidugu zazpi lurraldez osatutako nazioa: Euskal Herria. Gure histori gordina ulertzeko balio duen armonia da, ezin baita ulertu bi subjektuak bata bestearik gabe. Hori ez bakarrik, euskara gizarte kapitalistak eta homogenizatzaileak dakarren ondorioen instrumentu kontrahegemonikoa da, non, beste gizarte justuago eta askeago ikusteko balio diguna.
Beste aldetik, eta aurreko ideiarekin lotuz, euskarak bizi duen zapalkuntza egoera ezinezkoa da iraultzea hainbat egitura eta lege aldatu ezean. Hego Euskal Herriko bi gobernuetan PSE eta PSN dira marra gorriak jartzen dituzten alderdiak eta nabaria da aldaketa ezinezkoa dela bi alderdi hauek gobernuaren giltza duten edo gobernuan dauden bitartean. Horregatik, gizarte mobilizazio indartsuen bidez eta alderdi politikoak interpelatuz lortu ahal dezakegu aldaketa.
Antzeman duzu(e) antzekotasuna dagoela 1500€-ko LGS-aren proposamena eta euskararen politika aurrerakoiak atzera botatzerako orduan? Dena loturik baitago. Hemen lan egin, hemen erabaki eta hemen euskaraz bizi nahi dugulako. Greba honetan parte hartzeak ere estatusa negoziatzen ari diren hauei presioa sartzeko eta gure eskariak bete dezaten exijitzeko balioko digu.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu esan dena beltza denik. Herri honek sortutako ideia eta ekintzei esker gauza asko egin ditugulako, gure aurreko belaunaldiek zein guk batera egin dugun bidearengatik iritsi garelako honaino. Garbi dugu “eskutik eskura” elkarlanean arituz lortuko dugula aldaketa; bai, euskal langile, badakit “zein nekeza den euskaldun izatea”, baina irabazteko jaio gara eta ez dugu amore emango. Martxoan 17-an ere irten gaitezen lan mundu euskaldun baten alde.
Has dadila Euskal Herria euskalduntzeko lasterketa!