ELAk Osasunbideari exigitu dio nafarren hizkuntza eskubideak bermatzea

Nafarroako Auzitegi Nagusaren sententziaren ondorioz, enplegu publikoko merezimenduen 97/2024 Foru Dekretua partzialki baliogabetua geratu da, atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuelako, ELA eta STEILASek salatu bezala.
Hortaz, Dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak izanik Auzitegiak baliogabetu dituenak, Osasunbideako oposizio-leihaketa eta lekualdatze-lehiaketen merezimenduak arautzen zituztenak ziren. Artikulu batean zein bestean, euskara jakiteagatik aitortzen zen balorazioari muga batzuk jartzen zitzaizkion. Aldiz, atzerriko hiru hizkuntzen balorazioa mugagabea zen artikulu horietan. Hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuen Dekretuak.
Hala, orain Nafarroako Gobernuak aukera dauka euskara gutxietsiko ez duen eta hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen Dekretu berri bat ateratzeko. Horregatik, ELAk Osasunbide-NOPLOIko Zuzendaritzari eskatu dio euskara ez dezala gutxietsi eta euskararen balorazioa arautu dezala nafar guztion hizkuntz eskubideak errespetatzeko helburarekin.
Horrez gain, gaur egun, langile ez-sanitarioek ez dute karrera profesionala kobratzen, Administrazioak LAB, UGT, USAE eta AFAPNA sindikatuen aldeko botoekin lortutako akordioaren ondorioz. Gainera, onartutako karrera profesionalak kolektiboak diskriminatzen ditu: ez du genero-ikuspegirik, emakumeak gehiengoa diren sektore feminizatuak (administratiboak, gizarte-langileak…) automatikoki kanpoan geratzen baitira. Bukatzeko, ez da irizpide objektiboetan oinarritzen, eta ez da kobratu ahal izateko aurrekontua bermatzen, horrek dakartzan arriskuekin.
Osasun Departamentuko Zuzendaritzatik sarritan esan zaigu langile ez sanitarioen karrera profesionala Estatutu berri baten onarpenarekin etorriko zela. Baina, irailean, Funtzio Publikoko Zuzendari Nagusia kargugabetu zuenez Nafarroako Gobernuak, ez dakigu zer gertatuko den orain arte Mahai Orokorrean Administrazioak eta sindikatuok landu dugunarekin, are gehiago, urte terdi geratzen denean soilik legealdia amaitzeko. Hau dena kontuan hartuta, ELAk Osasuneko Zuzendaritzari exijitu dio amai dezala karrera profesionalean dagoen diskriminazioarekin, Funtzio Publikoak hura noiz onartuko zain geratu gabe, izan ere, langile sanitarioen karrera profesionala onartu zenean ez zitzaigun argudiatzen beharrezkoa zela Funtzio Publikoaren menpe egotea.