ELA: Podemosek Aldundiari exijitu behar dio patronala behartu dezala akordioa betetzera
Gipuzkoako eguneko zentroek eta erresidentziek 13. eta 14. greba egunak egingo dituzte gaur eta bihar, abenduaren 22an eta 23an. Sei zahar etxek greban jarraitzen dute azaroaren 19tik. Hain zuzen ere, gaur, abenduak 22, ELAk bilera bat izan du Podemosekin, sektoreko langileen lan baldintzei buruz Foru Gobernuarekin egindako aurrekontu akordioa argitzeko.
Aurrekontu akordioaren testuan konpromisoa hartu zen hitzarmen sektorial bat bultzatzeko, beti ere, langileen lan baldintzak homogeneizatzeko. Hala ere, patronalak joan den astean deitutako negoziazio mahaian, patronalek ez zuten bermatu ez zutenik gutxiengoan sinatuko; hau da, ez dute langile guztientzako hitzarmen bat sinatzeko konpromisorik hartu.
ELAk uste du patronalek alde batera utzi nahi dutela Podemosek eta EAJ-PSEk adostutako aurreakordioaren testuan adostutakoa; izan ere, baldintzetako bat negoziazio mahaian bi aldeen arteko gehiengoak errespetatzea da.
Bileran, langileen aldarrikapenak bilduko dituen hitzarmen sektorial bat bultzatzeko eskatu dio ELAk Podemosi. Horretarako, ezinbestekoa da, akordioan jasotzen den bezala, Aldundiak bere gain hartzea duen erantzukizuna.
"Eider Mendozak eta Maite Peñak sektoreko hitzarmen baten beharraz hitz egin dute aste hauetan, baina sektorearen lidergoa hartzen ez duten bitartean, patronalen etekin ekonomikoen mesedetan funtzionatzen jarraituko du", dio ELAk.
Sindikatuak azpimarratu duenez, Aldundiak herritar guztien eskubideak bermatu behar ditu, ez ordea, enpresa pribatuen etekinak.
Horregatik, ELAk sektorearen egoeran behingoz esku hartzeko eskatu dio.