hizkuntza eskubideak

Elkarretaratzea Bizkaiko Aldundiaren aurrean epai euskarafobo bat salatzeko

Elkarretaratzea Bizkaiko Aldundiaren aurrean epai euskarafobo bat salatzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko epaitegi batek 2025ean emandako epai bat. Horren arabera, "gehiegizkoa" da gizarteratzeko goi-mailako teknikarien 20 lanpostuetatik 18tan C1 euskara maila eskatzea. Ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak deialdi hori baliogabetzea erabaki du.

ELAk elkarretaratzea egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Bilbon, “hizkuntza eskubideak murrizten dituen epai euskarafobo baten aurka”. 2025ean hasi zen auzia, Bilboko epaitegi batek Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu deialdi bat baliogabetu zuenean, eskatzen zuten euskara maila zorrotzegia zela iritzita, zortzi hautagaik aurkeztutako errekurtsoari erantzunez. Ebazpenak deialdia indarrik gabe uztea erabaki zuen, euskara jakitea «gehiegizkoa» zela iritzita. Epai horren ondorioz, apirilean, Bizkaiko Foru Aldundiak aldi baterako eten zuen enplegucdeialdia.

Gizarteratzeko goi-mailako teknikarien 20 plaza zeuden jokoan, eta horietatik 18tan euskarazko C1 maila eskatzen zen. Magistratuen iritziz, legeak ezarritako «derrigortasun indizea» zen aplika zitekeen baldintza bakarra (% 46,5 Bizkaiaren kasuan). Gainera, egoera ahulean dauden pertsonen artean euskararen erabilera gaztelaniazkoarekin alderatuta oso txikia dela adierazi zuten.

Bada, orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du epai hori, eta, beraz, Aldundiak erabaki du deialdi hori baliogabetzea eta beste bat hastea, "EAEko Auzitegi Nagusiaren epaian ezarritako irizpideetan oinarrituta". 

ELAk dio EAEko Autonomi Estatutuak euskal herritarrek euskaraz egiteko eskubidea jaso eta 45 urte geroago ere, eremu publikoko langileek eta herritarrek ez dutela bermatua euskaraz aritzeko eskubidea; soilik gaztelaniaz jardun ahal izatea bermatzen da nonahi eta noiznahi. 

“EAEko legediak besterik adierazi arren, langile eta herritar euskaldunek bigarren mailakoak izaten jarraitzen dute”. 

“Espainiaren esanetara dauden epaitegi, patronal, sindikatu eta alderdi politikoak oldarraldi betean ari zaizkigu euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarrai dezagun eta gaztelaniaren inposaketa arlo guztietan betikotzeko”, dio ELAk. 

Sindikatuaren ustez, hizkuntza eskubideak lanerako eskubideari kontrajarritzat aurkezten dituzte, baina aipatutako epaile, alderdi eta sindikatu horiek dira behin-behineko langileen egoeraren arduradun zuzenak dira.

ELAk langile guztiak egonkortzearen alde dihardu lanean, baita egun euskara menperatu gabe lanean ari direnak ere, batzuei erretiro aurreratua hartzen utzita eta besteei lanorduetan euskara ikasteko benetako aukerak eskainita. Horrela, hizkuntza eskubideak errespetatzearekin batera, malgutasunez jokatuz eta arrazoizko epeak ezarrita, administrazioak erabat euskaldundu daitezkeelako, herritar eta langile guztien hizkuntz eskubideak bermatuz eta inongo langilerik kaleratu gabe, eta beti ere hemendik aurrerako langile publiko guztiak euskaldunak izanik.