Auzitegi Gorenaren arabera Mercedes-ek askatasun sindikalaren eskubidea urratu zuen, eta 6.000 €-ko kalte-ordaina ELAri emateko kondena berretsi

2014/10/17
Auzitegi Gorenak ontzat jo du Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren epaia, ELAri 6.000 €-ko kalte-ordaina ematera Mercedes Benz España S.A. kondenatu zuena. Arrazoia azken hitzarmenaren negoziazioan askatasun sindikala urratzea izan da; izan ere, orduan bai enpresak, bai UGT, CCOO, Ekintza eta USO sindikatuek ELA negoziaziotik kanpo utzi zuten nahita, eta plantilla aparte, zeren negoziazioak ezkutuan egin zituzten.

ELA Mercedes-Benzeko atal sindikala pozik agertzen gara epai hori dela-eta, ikusi ahal izan baitugu gure susmoak ondo finkaturik zeudela, eta gure enpresak azken urteotan lan-harremanak ulertu dituen modua ez dela izan oso demokratikoa eta gardena. Enpresaren beraren eta sindikatu sinatzaileen borondatez ELA diskriminaturik dago gaur egun ere, eta enpresaren eskutik doazen sindikatuek onurak jasotzen dituzte, bai maila sindikalean, bai pertsonalean. Hori gauza ezaguna da bertan lan egiten dugun askorentzat.

ELAren asmoa da Mercedesko lan-harremanak hori bezalako enpresa handi baten mailan egotea. Horregatik gure itxaropena da gero eta hurbilago dauden hauteskundeetan plantillak aurre egitea enpresaren jokabide horri, eta ondorioz lan-harreman demokratikoagoen alde gauden antolakundeok sendoago ateratzea.