ELAk gaitzetsi egiten du EHUko doktoretza osteko ikertzaileek 4.000 euro gutxiago irabaztea ekarriko duen akordioa

2021/12/20
ELAk errefusatu egin du EHUk eta LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek lortutako akordioa, are gehiago prekarizatzen dituelako doktoratu aurreko eta osteko ikertzaileen lan baldintzak, eta eskala bikoitzak sortzen dira aldaketa horren ondorioz.

Doktoratu osteko ikertzaileei dagokienez, aplikatzen den lan hitzarmena aldatu dute, eta ondorioz, urtean 4.000 € gutxiago jasoko dute soldata gordinean. Izan ere, aldaketa hori dela medio, ikertzailen kategoria Alboko Irakaslearen parean kokatu dute (urtean 31.500€ gordin), orain arte Irakasle Agregatuaren pare bazeuden ere (urtean 35.500€ gordin). Beraz, aldaketa horrek 2022 aurretik eta ondoren kontratatutako doktoratu osteko ikertzaileen artean soldata eskala bikoitza ezarriko du; ikertzaile berriek baldintza okerragoak izango dituzte jada kontratatutakoek baino.

Gainera, ELAk duela gutxi epai bat irabazi du zeinetan UPV/EHU zigortzen duen soldata diskriminazioagatik. Epai horrek parekatu egin zituen zuzenean unibertsitateak kontratatutako ikertzaileak (35.500 € irabazten zutenak), eta ikerketa beken bidez sartzen zirenak; horiei bekaren zenbatekoa ordaintzen zitzaien. Kasu batzuetan aldea 7.000 eurora iris zitekeen. Ulergaitza da ELAk aurkeztutako demandarekin bat egin zuten sindikatu berberek orain, hilabete besterik igaro ez denean, lorpen horri uko egitea, eta areago, indargabetzeko aktiboki parte hartzea. Soldata diskriminazioa gainditzeko bidea ezin da izan guztien ordainsaria jaistea.

Doktoratu aurreko ikertzaileen kasuan, hitzarmen aldaketak ez die hobekuntza nabarmenik ekarriko, hileko ordainsaria 20-30 euro inguru baino ez baitzaie handituko.

Hori dela eta, sindikatuak garbi du unibertsitateko prekaritatearen aurka borrokan jarraituko duela.