HEZKUNTZA PUBLIKOA

ELAk elkarretaratze batekin hasiko du ikasturtea, irailaren 11an Bilboko Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean

2026/08/28
ELAk elkarretaratze batekin hasiko du ikasturtea, irailaren 11an Bilboko Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean
Hezkuntza publikoa indartzeko eta segregazioari erantzuteko 25eko maiatzeko irakasleen akordioa eta 23ko Hezkuntza legea errotik aldatu behar direnez, ELA gainerako euskal sindikatuekin bilduko da bide hori egitea proposatzeko.

Ratio egokiak, langile talde egonkorrak, euskarazko murgiltze eredua eta lan karga eta antolamendu egokiak ezinbestekoak dira. Honek guztiak baliabide eta inbertsio gehikuntza  eskatzen du.   Eusko Jaurlaritzak ordea, uko egin dio  neurri horiek hartzeari. 2023Ko Hezkuntza Legea eta 2025eko irakasleen lan baldintzen inguruko akordioa dira hezkuntza Sailaren egungo jardunaren oinarri. Eta hau honela den bitartean ez da hezkuntza publikoa indartzeko eta segregazioari aurre egiteko aldaketa sakonik izango. 

Horrela, Eskola Bikaina denontzat prozesua porrota izan da. Hezkuntza eragile esanguratsuek ez dute parte hartu eta Hezkuntza legeari jarraituz Eusko Jaurlaritzak eskola segregazioa eragiten duten faktore nagusiei ez heltzea erabaki du, hala nola pobreziaren lurralde banaketa desorekatua edo hiru saretan zein hiru hizkuntz eredutan banatutako hezkuntza sistema.
Ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendurako ere, Hezkuntza legearen eta irakasleen azken akordioaren ildoei jarraitzen die Sailak. Honek, ondorio hauek ditu, besteak beste:

Ratio hobekuntza nabarmenik ez dago, ratio politikan aldaketarik ere ez. Ez modu orokorrean ez eta konplexutasun handiko ikastetxeetan ere. Ratio hobekuntzak ikasleen hezkuntza eta arreta zein irakasleen lan kargak eta osasuna hobetzea ekarriko luke.  25eko akordioan ratio hobekuntza nabarmenik ez zuten jaso ordea sinatzaileek, ezta ratio politikan mugarik ere.  EHI/ALEek bestalde esku hartze zuzeneko irakasleak esleitzeko ratiorik gabe jarraitzen dute. Beraz, sailak irizpide murriztaileenak aplikatzen jarraitzen du. 26-27 ikasturtean adibidez Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan gutxieneko ikasle kopurua betetzen duten 62 ikasgela itxiko ditu Sailak Gipuzkoan.

Enplegu egonkorrik ez da bermatzen, Hezkuntza talde egonkorrik ere ez.  Egonkortze prozesuen ondoren ere, behin-behinekotasun erreala %30tik gorakoa da irakasleetan, milaka dira ikasturtero ikastetxez aldatzen diren irakasleak. Enplegua egonkortzeak, langileen prekarietatea mugatzeaz gain, klaustroen egonkortasuna ere ekarriko luke, ikastetxeko proiektuen zein ikasleen onuran. Zer esanik ez konplexutasun handiko ikastetxeetan. Ez hezkuntza legean ez eta irakasleen akordioan ere ez da adostu behin behin-behinekotasun hau %8 erreal batera jaisteko eta enplegua egonkortzeko neurri eta eperik ordea. 2027an 1.374 lanpostuko lan eskaintza bat jarriko duela abian jakinarazi du Sailak berriki. 15.000  irakasle inguru dituenean ikasturtero behin behineko moduan lanean eta 1.000 erretiro inguru. 

Euskarazko murgiltze eredua ez da ezarri. Euskal hezkuntza sistema kohesionatu baten kaltetan. Hezkuntza sistema publiko, propio eta euskalduna eraikitzea euskal gizarte kohesionatu baterako ezinbestekoa da. Sailak ordea euskarazko murgiltze ereduari uko egin dio Hezkuntza legean. Edo IRALEko R ikastaroak, euskarazko trebakuntza eta atxikimendu tresna ere bertan behera utzi ditu ikasturte honetan.

Irakaslegoak, autoritate publiko aitortza baino, baliabideak eta lan baldintza eta tresna egokiak egokiak ditu beharrezko beren lana modu egokian egin ahal izateko.

Ikasturte berriaren atarian, hau guztia salatzeko elkarretaratzea egingo du ELAk, irailaren 11an Hezkuntzaren Bilboko Ordezkaritzaren aurrean goizeko 11etan.