EAE SEKTORE PUBLIKOA

ELAk eskatu du 2027ko aurrekontuek % 43ko behin-behinekotasunari amaiera ematea, erosahalmena berreskuratzea eta zerbitzuak publifikatzea

2026/10/16
ELAk eskatu du 2027ko aurrekontuek % 43ko behin-behinekotasunari amaiera ematea, erosahalmena berreskuratzea eta zerbitzuak publifikatzea
ELAk salatu du D’Anjou sailburuak hauteskunde interesekin manipulatzen duela langile publikoen soldatak, aurrekontuen lege proiektuan jasota ez dagoen soldata igoera iragarri baitu.

ELAk txosten bat aurkeztu du (TXOSTENA IRAKURRI), azken urteotan onartutako aurrekontuek euskal herritarren beharren gainetik kapitalaren interesak lehenesten dituen logikari jarraitzen diotela azpimarratzeko. 2027ko aurrekontu proiektuari dagokionez, argi dago Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, Estatuak erabakitakoa betetzeko hautua egin duela.

1. Eusko Jaurlaritzak dio baliabideak mugatuak direla. Errealitatean, foru aldundien zerga politikak mugatzen du gastua. EBn presio fiskala % 40,4koa den bitartean, EAEn % 31,7koa da. Europako batez besteko presio fiskalera iritsiz gero, Eusko Jaurlaritzak 7.500 milioi euro gehiago izango lituzke 2026ko aurrekonturako.

2. "Historiako aurrekonturik sozialenak": Ez da egia. Aurrekontuek gero eta pisu txikiagoa dute gure ekonomian: 2021ean % 15,1 ziren, eta 2026an, berriz, % 14,2. Inbertsioa murrizten ari da, gizarte-, hezkuntza- eta osasun-arloetako beharrak handitzen ari diren bitartean.

3. Eskumen mugak. Errealitatean, Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak beren buruari ezartzen dizkiote muga horiek. Aurrekontuetan berariaz adierazten da urtez urte Madrilen erabakitakoa beteko dela. Horren adibide argiak dira lanpostu publikoen kopurua mugatzen duen birjarpen-tasa eta langile publikoen soldata politikan Madrilen hartutako erabakien mende egotea.

Aurrekontu eta fiskalitate arloetan hartzen diren erabaki horiek guztiek ondorio larriak dituzte, bai langile publikoen lan baldintzetan, bai euskal herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuetan.

100.000 langile eremu pribatizatuetan lanean

ELAk salatu du gure herrialdean 100.000 langile ari direla zerbitzu publikoen eremu pribatizatuetan lanean. Pribatizazio horien helburua zerbitzu publikoekin negozioa egitea da, lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea prekarizatzearen kontura. Horren adibide dira lanaldi partzialak, Estatuko hitzarmenak eta plantilla eskasak.

Sektore publikoa: langileen % 43 behin-behinekoak dira: Eusko Jaurlaritzaren sektore publikoko behin-behinekotasun tasak sektore pribatuarena hirukoizten du. Osakidetzan 22.000 langile baino gehiago daude behin-behineko egoeran, hau da, plantillaren erdia inguru; Hezkuntzan, berriz, 19.000 baino gehiago dira, langileen % 51. Langile publikoek lan karga desegokiak, gehiegizko burokrazia eta ordezkapenik eza pairatzen dituzte. Gainera, langile falta nabarmena da, eta lanpostu asko bete gabe daude.

Horri gehitu behar zaio euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen duela eta langile publikoek 2010etik erosteko ahalmenaren % 18 baino gehiago galdu dutela.

Testuinguru horretan, D’Anjou sailburuak soldata igoerari buruz egindako adierazpen elektoralistak salatu ditu ELAk. Izan ere, iragarritako % 4,5eko igoerarik ez dago jasota lege proiektuan; aitzitik, Madrilek erabakitzen duenaren mende egotea aurreikusten da. Horregatik, ELAk sailburuari eskatu dio bere eskumeneko aurrekontuetan erosteko ahalmena bermatzeko, Estatuan erabakitzen dena gorabehera.

ELAren proposamenak:

Inbertsio publikoa handitzeaz gain (Europakoako bataz-bestekoarekin parekatzeko), langile publikoen lan-baldintzak Eusko Legebiltzarrean erabaki behar dira:

- % 7ko soldata igoera + 2026ko KPIa langile guztientzat. Asteko lanaldia 32 ordura murriztea, horretarako aurrekontu partida bat esleituta.

- Pribatizazioari ateak ixtea, pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzeko plan baten bidez, langileen subrogazioa bermatuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzak salbuespenezko LEPak deitu beharko ditu behin-behinekotasun tasa % 8tik gorakoa den sektoreetan, eta hutsik dauden lanpostu guztiak betetzen direla bermatu beharko du.

- Plantillak gaztetzeko aurrekontu partida bat bideratzea, sektorez sektore, gehiengo sindikalarekin negoziatu eta adostutako neurrien bidez. Horrez gain, ELAk erretiro partziala eta erretiro-primak berrezartzea eskatzen du.

- Osasuna: Murriztutako zerbitzuak berriro irekitzea edo berreskuratzea eta oporraldietan ezarritako murrizketak bertan behera uztea.

- Herritarrentzako arreta zerbitzua: Lanbide edo Zuzenean bezalako zerbitzuetan herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko neurriak hartzea.

- Hezkuntza: Ratioak hobetzea ezinbestekoa da.

- Lan-osasuna: Gehiegizko burokraziarekin amaitzea eta sektore guztietan lan kargak arintzea.

- Euskara: Langileen euskalduntzea bermatzeko aurrekontu partida bat bideratzea.

- Genero berdintasuna: Berdintasun planak sektorez sektore negoziatu eta adostea, horretarako dagokion finantzaketarekin.