HEZKUNTZA PUBLIKOKO BEHIN-BEHINEKOTASUNA

ELAk hezitzaile baten finkotasuna aitortzen duen lehen epaia irabazi du Gorenak irizpide berria finkatu ondoren

2026/10/20
ELAk hezitzaile baten finkotasuna aitortzen duen lehen epaia irabazi du Gorenak irizpide berria finkatu ondoren
EAEko Auzitegi Nagusiak finko bihurtu du behin-behineko kontratazioan iruzurra jasan zuen hezitzaile bat, eta kalte-ordaina eskatzeko aukera aitortu dio. ELAk gogorarazi du hezkuntza publikoko langileen behin-behinekotasun tasa % 51koa dela.

ELAk lehenengo epaia lortu du, maiatzean eta ekainean Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina aplikatuz, hezkuntza publikoko hezitzaile baten lan kontratuaren finkotasuna aitortzen duena. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako epaiak hezitzaileari aukera ematen dio, mugagabetasuna aitortzeaz gain, aldi baterako kontratazioan jasandako iruzurragatik kalte-ordaina eskatzeko.

Auzitegi Gorenak sektore publikoko langileentzako irizpide berria ezarri ondoren, langile lan-kontratudun baten mugagabetasuna aitortzen duen lehen epaia da. Doktrina horri jarraiki, Epaiak finko bihurtu du behin-behineko kontratazioan iruzurra jasan zuen hezitzailea, lanpostua lortu ez arren hautaketa-prozesu bat gainditu baitzuen. Gainera, jasandako iruzurra konpentsatzeko kalte-ordaina eskatzeko eskubidea aitortu dio.

ELAko afiliatua den hezitzaileak aurrez lortua zuen finko ez mugagabe izaeraren aitortza, baina erabaki horrekin ados ez zegoenez, errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Nagusian. Prozedura etenda egon da Auzitegi Gorenak, Europako auzitegien agindua betez, doktrina berria ezarri duen arte.

Eustatek uztailean argitaratutako azken datuen arabera, hezkuntza publikoko langileen behin-behinekotasun tasa % 51koa da. Aspaldikoa da ELAren behin behinekotasunaren aurkako borroka, eta horren adibide dira honakoak:

ELAk duela gutxi Haurreskolak Partzuergoan 77 langileren finkotasuna lortu zuen. Orain, heziketa bereziko hezitzaile baten finkotasuna aitortzen duen lehen epaia irabazi du, behin-behinekotasunaren aurkako borrokan beste urrats bat eginez.

Hezkuntzako sukalde eta garbiketa zerbitzuetan, ELAk gehiengoa duen sektorean, sindikatuak deitutako hamar greba-egunen ondoren, Jaurlaritzarekin akordioa sinatu zen 2022an, kontsolidazio-prozesu bermatzaile baterako. 420 langile finkatu ziren.

Bestalde, ELAk ez zuen 2025ean heziketa bereziko sektorean gainerako sindikatuek Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena babestu. Arrazoi nagusietako bat izan zen akordioak ez ziola behin-behinekotasunaren arazoari heltzen.