ELAk urgentziazko mahaia eskatu du fusio prozesuen aurrean
Fusio eta itxierak gardentasunik eta adostasunik gabe. Hezkuntza Sailak hainbat eskola ixteko eta beste batzuk fusionatzeko asmoa duela egin du publiko. Leioako Lamiako eskola, Getxoko Larrañazubi, Bilboko Ingeniero Orbegozo, Tomas Camacho eta Deustuko eskola itxiko ditu eta beste hainbatetan fusioak planteatu ditu.
Sindikatu, langile eta gainerako eragileen ezkutuan gauzatutako prozesuak dira. ELAk langileen kezkak medio izan du asmo hauen berri, eta planifikazio bileretan eskatu du hauei buruzko informazioa. Sistematikoki ukatu zaio ordea. Urriaren 31an izandako azken bileran informazioa ezkutzatzen zitzaiola salatu zuen eta beste 3 alditan eskatu du berriro plangintza batzordea biltzea.
Sailburuaren hitzetan ikasle kopuruaren jaitsieraren eta segregazioari aurre egiteko ahaleginaren ondorio dira. Prozesuen gardentasun-eza ikusita, ELAk hau zalantzan jatzen du.
Erabaki horiek azken urteetako murrizketa prozesuaren barne kokatzen ditu ELAk. Ikasle kopuruaren jaitsiera sare publikoa indartu, segregazioari erantzun eta ikasleen arteko ekitatea lortzeko eta hezkuntza kalitatea hobetzeko aukera da. Ikasle gutxiagoko ikasgelek, irakasleen lan-baldintza eta ikasleen ikas-baldintzak erabat hobetuko lituzkete. Baliabideak gehitzea eta ratioak jaistea eskatzen du honek.
Sailak, aldiz, aurkako erabakiak hartu ditu. Horren erakusle da, maiatzean gainerako sindikatuekin sinatutako akordioa. Uko egin zitzaion ratioak jaisteari, lan osasuna eta kargak egokitzeari, baliabideak gehitzeari, behin behineko langileen egonkortzeari edota euskarazko murgiltze eredua ezartzeko baliabide eta planifikazioari.
Hezi +, ezkutuan inposatu nahi diren murrizketak bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Aurreko astean, sindikatuen bizkar, Hezkuntza Sailak bigarren hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritzetara ebazpen bat bidali zuen. Ikastetxeei dagozkien baliabiden esleipena “hezi +” deituriko proiektuan parte hartzera baldintzatu nahi du, irakasleak arreta zuzeneko ordu gehiago egitera behartuz. Ebazpen hau maiatzean Eusko Jaurlaritzak berak gainerako sindikatuekin sinatutako akordioaren kontra doa.