ELAk proposamen integrala aurkeztu du
ELAk eskola segregazioari buruzko sakoneko azterketa egin eta egoera iraultzeko proposamen sorta landu du. Hezkuntza komunitatearen esku utzi du dokumentua, datozen hilabeteetan ekarpenak jaso eta osatzeko asmoz. Helburua da beste eragileekin oinarrizko akordio bat lortzea, hezkuntzako langileen aldarrikapen nagusiak adostea eta Eusko Jaurlaritzari presio egiteko mobilizazioak eta grebak sustatzea.
ELAren ustez, mobilizazio horiek bi ardatz nagusi izan behar dituzte: batetik, 2023ko Hezkuntza Legea sakon aldatzea, gaur egungo hezkuntza sistema segregatzailea gainditzeko ezinbestekoa delako; bestetik, 2025ean beste sindikatuekin adostutako lan baldintzak berrikustea, egungo baldintzek ez dutelako ahalbidetzen kalitatezko eta sozialki kohesionatua izango den euskal hezkuntza sistema eraikitzea.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren 'Eskola Bikaina Denontzat' eztabaida dinamikak benetako neurriak hartu beharrean, itxurakeria hutsa dela salatu du ELAk. Horregatik, hasieratik uko egin zion parte hartzeari, eta geroago beste hainbat eragilek ere mahaitik alde egin dute.
ELAren diagnostikoaren arabera, ikasle zaurgarrienen ia %40 beste ikastetxe batzuetara lekualdatu beharko litzateke banaketa orekatu bat lortzeko, eta Jaurlaritzaren matrikulazio sistemak egoera %4 baino ez du hobetu. Aldi berean, klase pribilegiatuenetako ikasleak eliteko ikastetxeetan pilatzen dira, beren arteko harreman sareak indartuz.
Azterketak hiru arrazoi nagusi identifikatzen ditu segregazioaren oinarrian: pobreziaren lurralde banaketa desorekatua, euskararekiko urruntasuna sektore zaurgarrietan zein elite ekonomikoaren zati batean, eta sare pribatu zein erlijiosoaren eragina. Horren ondorioz, hezkuntza sistemak desberdintasun sozialak erreproduzitzen ditu eta gizarte kohesioa ahultzen da.
Egoera iraultzeko, ELAk aldaketa sistemikoak proposatzen ditu: pobrezia eta desberdintasun ekonomikoak murriztea, 2023ko Hezkuntza Legea goitik behera eraldatzea, hezkuntza sistema publiko propio baterantz aurrera egitea, euskarazko murgiltze eredua hedatzea, inbertsio publikoa BPGaren %6ra igotzea eta hezkuntzaren erabateko doakotasuna bermatzea.
Era berean, beharrezkotzat jotzen du ikasle zaurgarrien eta eliteko ikasleen banaketa orekatu bat legez ezartzea, eta hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzea: plantilla indartzea, egonkortasuna bermatzea, burokrazia murriztea eta eskola konplexuenetan lan egiten duten profesionalentzako baldintza bereziak ezartzea.