EAEko GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek eskola orduaren epaia ez dutela beteko adierazi dute gaurko mahaian

2026/02/13
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek eskola orduaren epaia ez dutela beteko adierazi dute gaurko mahaian
ELAk patronalak epaia zein greba amaierako akordioa betearaztera eta bertan adostuakoak hitzarmenan jasotzera behartzeko greben bidea berrartzera gonbidatzen ditu gainerako sindikatuak. Bilera aurretik ikastetxe hauetako ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin dute.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ELAk deitutako negoziazio mahaiako gaurko bileran, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek berretsi dute ez dutela onartuko EAEANk eskola-orduari buruz emandako epaia. Are gehiago, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko dutela adierazi dute, eta, beraz, greba amaitzeko akordioa urratzen jarraituko dutela.

ELAk salatu du patronalak "atzerapen estrategia argia" gauzatzen ari direla. Azaldu du bi urte igaro direla grebaren amaierarako akordioa sinatu zenetik, langileek grebak eten zituztenetik. Bien bitartean, patronalek fede txarrez jokatu dute.

“Patronalak dilazio estrategia argi bat ari dira gauzatzen. Bi urte igaro dira Greba amaierako akordioa sinatu zenetik. Langileek akordioa betez grebak eten zituzten. Patronalak ordea fede txarrez jokatu dute. Adostutako hainbat atal ez dituzte bete, eta langileak etengabe epaitegietara jotzera behartzen ari dira. Horrela adostutako materia horiek denbora luzez ez dira betetzen nahiz eta azkenean epaitegiak arrazoia langileei eman. Soldatak adostutako epean ordaintzen hasteko ere epaitegietara jotzera behartu zituzten langileak. Eta orduan ere EAEko auzitegi nagusiak sindikatuei eman zien arrazoia”, adierazi du Miren Zubizarreta hezkuntza arduradunak.

Eusko Jaurlaritzak denbora honetan guztian izan duen utzikeria salatu du ELAk. Sindikatuak bost aldiz eskatu dio biltzeko, hirutan gainerako sindikatuekin batera, eta beste bitan, ELAren izenean. Ez du inolako erantzunik jaso. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioen eta greben bidean lanean jarraituko du, eta bide horri berriro ekiteko deia egin die gainerako sindikatuei.