Euskal Unibertsitateen Legea

Legeak unibertsitate publikoa ahultzen duela ohartarazi du ELAk

2026/06/18
Legeak unibertsitate publikoa ahultzen duela ohartarazi du ELAk
ELAko EHUko ordezkariek hogei bat ekarpen aurkeztu dituzte txosten baten bitartez; zerbitzu publikoak, euskal unibertsitate publikoa, euskara, irakasle eta ikertzaile eta TEKAZEL guztientzako lan baldintza duinak eta finantzaketa nahikoa, egonkorra eta merkatu-logiken mendekoa ez izatea eskatuz.

Duela hilebete bat Euskal Unibertsitateen Lege Aurreproiektuari ekarpenak egiteko kontsulta publikoa ireki zen EHUn. ELA-EHUtik, hogei bat ekarpen baino gehiago egin dira eta afiliazioarekin partekatu eta txosten bat landu da. Ekarpenak EHUko plataforman eta baita Eusko Jaurlaritzan ere aurkeztu dira.

Lege berriak unibertsitate sistema arautuko du eta EHUko langileen baldintzetan eragin zuzena izango du. Edukiari dagokionez, testuak positibotzat jo daitezkeen elementu isolatuak baditu ere (unibertsitate publikoaren zereginaren aitorpen formala, euskarari buruzko erreferentziak edo berdintasunaren arloko aurreikuspen batzuk), testuaren irakurketa osoak balorazio kritiko zorrotza eskatzen du.

Laburbilduz, kritika nagusiak hiru ardatzen inguruan pilatzen dira: unibertsitate publikoaren eta pribatuaren arteko oreka, irakasleen karrera akademikoaren baldintzak, eta euskararen zein finantzaketa publikoaren bermeak.

1.- Finantzaketa publikoa ez da nahikoa

Testuak ez du bermatzen LOSUren 55.2 artikuluari lotutako finantzaketa publiko nahikoa eta egonkorra, eta ez du ezartzen BPGaren % 1eko gutxieneko helburua. Mezenasgorako, babesletzarako, patenteetarako eta funts pribatuak iturri osagarri gisa hartzeko atea zabaltzen du, eta horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartzen euskal unibertsitate publikoa finantzatzeko dituen betebeharrak.

2.-Bidegabekeria irakasle eta ikertzaileen karreran

Ordainsari-eredu zaharkitua ez da zuzentzen, eta ez da bermatzen bidezko karrera akademikoa. Lehen xedapen iragankorrak kategorian jarraitzea babesten du, baina ez sustapena: nazioarteko mugikortasun luzea oztopo praktiko bihurtzen da plantillako irakasle eta ikertzaileentzat, eta zigortu egiten du kalitate akademikoarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

3. Gehiegizko gobernu-tutoretza (unibertsitate-autonomiaren galera)

Lanpostuen zerrendetan, langileen kostuetan eta enplegu publikoaren eskaintzan aurretiazko baimena emateko mekanismoak metatzeak areagotu egiten du Eusko Jaurlaritzaren tutoretza, 

koordinazio legitimotik harago, eta EHUren autonomia erreala mugatzen du dagozkion erabakietan.

4.- Berme nahikorik ez TEKAZELentzat

Babes-klausularik gabeko Eusko Jaurlaritzako langileen araubide orokorrera jotzeak homogeneizazio erregresiboak egiteko aukera zabalik uzten du. Jarduna ebaluatzeko sistemek ez dute irizpide, berme eta muga argirik, eta horrek subjektibotasun- eta tratu-desberdintasuneko arriskuak dakartza. 

ELA-EHUren ustez aurreproiektu hau unibertsitate publiko indartsu batekin soilik bateragarria izango da sakonki aldatzen bada. Egungo idazketan, euskal unibertsitate-sistema merkatu-logiketara, lehia-mekanismoetara eta kanpo-kontrolerako formuletara bultzatzen du, bere autonomia ahulduz eta bere langileak prekarizatuz.

Ezinbestekoa da Legeak honako edukiak jasotzea:

  • BPGren % 1eko gutxieneko helburua txertatzea unibertsitate publikoa finantzatzeko.

  • Euskarazko irakaskuntza eta ezagutza bermatzea hizkuntza eskakizuna unibertsitate pribatuei ere eskatuz.

  • EHUren zentraltasuna indartzea, euskal unibertsitate-sistemaren ardatz gisa.

  • Baliabide pribatuak erakartzea finantzaketa-irizpide estruktural gisa erabiltzea eragoztea.

  • Irakasle eta ikertzaileen soldata-egitura aldatzea: osagarriak oinarrizko soldatan txertatzea eta ordainsari osagarrien zati ez-finkagarria kentzea.

  • Langile guztien lan-egonkortasuna eta behin-behinekotasuna murriztea bermatzea.

  • TEKAZELen eskubideak babestea eta bere karreraren edozein arauketa negoziazio kolektiboaren mende jartzea.

  • Unibertsitate publikoaren berezko erabakien gaineko gobernu-tutoretza argi eta garbi mugatzea.

ELAtik, Lege honen izapidetza prozesuari jarraipena egingo diogu eta unibertsitate publikoaren interesak defendatzen jarraituko dugu, Finatzaketa, soldata duinak, enplegu egonkorra, benetako autogobernua, berdintasun erginkorra, euskararen babesa eta unibertsitate politika interes orokorraren menpe egotea eskatuz.

Irakurri txosten osoa