Nafarroako administrazioko langileak

Nafarroako Gobernuak Madrilen adostutakoa aplikatuko du, langileak prekarizatuz

2025/12/22
Nafarroako Gobernuak Madrilen adostutakoa aplikatuko du, langileak prekarizatuz
Nafarroako Gobernuak mahai orokorreko sindikatuei jakinarazi die Espainiako Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin sinatutako akordioa aplikatuko duela. ELAren ustez, Gobernuaren erabakia oso larria da; Gobernuak bere egiten du Nafarroako langile publikoak pobretzen eta prekarizatzen dituen proposamena. Soldatetan,Madrilen adostutako soldata-igoerak aplikatuko dira, eta, ondorioz, 2010etik % 20ko galera metatzen duten langile publikoek berriz ere erosteko ahalmena galduko dute.

Enpleguaren arloan, Nafarroako Gobernuak onartzen du erreposizio-tasei eustea; hau da, enpleguaren inguruko erabakiak Madrilen esku jarraitzea. Espainiako estatuak du azken hitza enplegu publikoko kontratazioari dagokionez, esparru horretako behin-behinekotasun tasa % 40tik gorakoa den testuinguru batean.

Ogasunaren produktibitate-osagarria ere jorratu da, eta ELAk plantillak produktibitate-osagarriaren hedapenaren alde egindako mobilizazioetan emandako erantzuna nabarmendu nahi izan du. Osagarriaren legezko aitorpena haien borroka nekaezinaren ondorio izan da. Azken unera arte, sindikatuak borroka egin du Gerentziak proposatutako testuaren edukiak hobetzeko, baina bereziki arazotsua izan den puntu bat mantendu egin da: baja medikoengatik edo lizentzia eta baimen jakin batzuk hartzeagatik ezarritako zigorra. Arauaren erredakzioaren arabera, gaixotasun larriak dituzten pertsonek ez dute osagarria jasoko.

ELAk mobilizazioak, ekimenak eta grebak bultzatzen jarraituko du, Nafarroan negoziatu daitezen hemengo langileen lan-baldintzak, soldaten galeraren berreskuratzea eta enpleguaren kontsolidazioa, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Ildo horretan, ELAk martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin die langile guztiei.