Tubacexen grebarekin jarraitzea erabaki du ELAren atal sindikalak
2021/07/16

Tubacexeko ELAko afiliatuek batzarra egin dute gaur Laudion, zuzendaritzak langileak lanpostuetan onartuko ez zituela iragarri ondoren zer egin erabakitzeko -EAEko Auzitegi Nagusiak enpresak aurkeztutako EEEa bertan behera utzi bazuen ere-. Bada, batzar horretan parte hartutako afiliatuen bi herenak grebarekin aurrera jarraitzearen alde egin du, 120 botorekin. Greba uztearen alde soilik bozkatu dute 48 lagunek, eta sei boto zuri izan dira.
Ondorioz, orain arteko bideari eutsiko dio ELAk Tubacexen, bertako sindikatuko langileek hala erabakita, eta berrindartu atera da, jarraitu dezan zuzendaritzaren jarrera ulergaitzari aurre egiten. Grebaren aldeko erabakia eramango du atalak orain astelehenean egingo den komitearen bilerara.
Era berean, ELAk dei egiten die Tubacexi eta Eusko Jaurlaritzari legea errespetatu dezateN, eta konponbidea bila dezaten sententziek esandakoa betearazteko.